Hego Euskal Herrian %0,4 garestitu dira prezioak irailean

KPI %2,1 hazi da urtarriletik eta urte arteko hazkuntza %3,2koa izan da

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hilero legez, Hego Euskal Herriko Kontsumo Prezioen Indizeak irailean gora egin zuela baieztatu zuen atzo INEk. Prezioen hazkuntza %0,4koa izan zen aurreko hilabetean eta, batik bat, Bizkaia eta Gipuzkoan egin zuten gora. Bi herrialdeotan %0,5na igo ziren prezioak. %0,2 hazi ziren Nafarroan eta Arabakoak bere hartan gelditu ziren. Urte arteko hazkuntzari so eginez gero, ordea, Araba eta Bizkaia ziren hazkuntzak gehien nozitu zituztenak, %3,3 zehazki.

Urtea hasi zenetik iraila bitartean %2,1 garestitu ziren produktuen prezioak Hegoaldean. Garraioarena, alkoholarena eta tabakoarena, gehienbat. Jantziek eta oinetakoek, ordea, nabarmen egin zuten behera urtarriletik. Irailean, ordea, beherapen sasoia amaitu ostean nabarmen igo ziren jantzien eta oinetakoen prezioak. Espainiako KPI %0,2 igo zen aurreko hilabetean. Urte arteko proportzioak, beraz, 0.1 puntu behera egin zuen eta %3,2raino jaitsi zen. %0,2 hazi zen, ordea, urte hasieratik zenbatzen hasiz gero. Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak KPI «ona» dela baieztatu zuen, baina ezer aurreratzeko azkarregi dela ohartarazi zuen.Iragarri zuenez, petrolioak eraginda galerak izan dituzten nekazarientzako eta arrantzaleentzako neurriak aztertzen ari dira. Ez zuen eperik zehaztu.

Neguak petrolioa gehiago garestitzea ekarriko du

LAB sindikatuaren arabera,azken 12 hilabeteotan garraioa %6 garestitu baldin bada, are gehiago igoko dira prezioak aurrerantzean. Neguaren hurbiltasunaz ohartarazi zuen eta prezio igoera berriak ekarriko dituela azpimarratu. Ekialde Hurbileko gatazkarekin eta espekulazioarekin batera, neguak petrolioaren preziori gorantz eragingo diola iragarri zuen sindikatuak.

Petrolioaren garestitzea lehengaiei eta sektoreei eragiten hasi dela jakinarazi zuen LABek.Energiaren prezioa eta landu gabeko elikagaiak baztertuz gero, berriz, KPIren hazkuntza urte hasieratik ia etengabea izan dela ohartarazi zuen. Egoera horretan, patronalari bidezko soldata hazkuntzak exijitu beste biderik ez dagoela azpimarratu zuen. Izan ere, sindikatuaren arabera, urteko KPI ez da %3 baino txikiagoa izango.CCOOk, berriz, prezio hazkuntza eragiten duten sektoreentzako kontrol handiagoa aldarrikatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.