Hego Euskal Herriko lan merkatua egonkor dago. Pandemia osteko susperraldia pasatuta, langabezia tasak ia berdin eutsi zion iaz, INE Espainiako estatistika institutuaren arabera: %7,8 zen 2024. urtearen amaieran, eta %7,6 urtebete geroago.
Lurralde batetik bestera, ordea, nabarmenak dira aldeak. Bizkaian, esaterako, langabezia tasa %10,3tik %8,1era murriztu da urtebetean. Gipuzkoan, berriz, %4,7tik %6,4ra igo da, eta Nafarroan %6,6tik %8,1era. Araban berdintsu eutsi dio, eta %7,6Â da langabezia tasa.
Inkesta horren beraren arabera, 109.900 langabe daude Hegoaldean, iaz baino berrehun gehiago. 1.328.800 dira landunak, iaz baino 29.000 gehiago, eta biztanleria aktiboa ere nabarmen ugaritu da: 1.409.500 ziren iaz, eta 1.438.700 dira orain.
Sexuaren aldagaiari erreparatuta, asko igo da emakume langabeen tasa: %7,6tik %9era. Gizonezkoena, berriz, apaldu egin da: %8tik %6,4ra.Â
Landun gehien biltzen dituen sektorea zerbitzuena da nabarmen (%70,3), baina iaztik ia bi puntu apaldu da haren pisua. Industrian dabiltzanen ehunekoa lau hamarren handitu da (%22,2), eta gora egin dute eraikuntzan lanean dabiltzanenak —%4,4tik %5,8ra— eta lehen sektorekoenak —%1,4tik %1,7ra—.
Orotara, 934.600 pertsona dabiltza zerbitzuen arloan lanean, iazko azken hiruhilekoan baino 4.600 gutxiago; 294.800 industrian (+10.800), 76.600 eraikuntzan (+18.300) eta 22.600 lehen sektorean (+4.800).