Hego Euskal Herrian lan merkatuarena izan da aldagai ekonomikorik nabarmenetariko bat 2025. urtean. Beste batzuekin konparatuta, zalantza gutxiago erakutsi ditu, eta irmo eutsi dio. Urtea amaitu den honetan, Gizarte Segurantzak ia inoizko afiliatu kopururik handiena izan du: azarokoaren azpitik, baina bigarrenez 1,3 milioiren langa gainditu du. Zehazki, 2024ko abenduan baino 17.698 landun gehiago daude lau lurraldeetan.
Lan merkatuaren sendotasunak eragina izan du langabezia datuetan ere. Hala, EAEko Lanbide eta Nafarroako Lansare enplegu zerbitzu publikoetan 818 pertsona gutxiago zeuden izena emanda urte amaieran: 136.917 guztira. 2008tik urte amaiera batean zenbatutako kopururik txikiena da hori. Erregistratutako langabezia tasa %9,68an dago.
Bai afiliazio datuak eta bai langabeziarenak hobetuz joan dira hilabetez hilabete, udako hilabeteetan salbu, aurreko urteetan ere ohikoa izan den moduan. Urte amaieran ere zalantza txiki batzuk agertu ditu lan merkatuak: azaroan baino 1.219 langabe gehiago erregistratu dituzte enplegu zerbitzu publikoek, eta 1.063 afiliatu gutxiago zenbatu ditu Gizarte Segurantzak.
517Zenbat lanpostu galdu diren industrian Sektore nagusien artean, industrian ez beste guztietan sortu dira lanpostu berriak. Manufaktura industrian 517 afiliatu galdu dira. Osasunarekin eta gizarte zerbitzuekin loturiko arloetan sortu dituzte, berriz, enplegu berri gehienak: 3.463. Eta jarraian daude honako hauek: administrazio jarduerak (2.801), jarduera zientifikoak eta teknikoak (2.412), hezkuntza (2.305), eraikuntza (2.097), garraioa eta logistika (965), eta ostalaritza (894).Â
Zalantzak urte amaieran
Langabeziak lau lurraldetan egin du gora abenduan. Gipuzkoan gehien, 449 langabe gehiago izan baitira, eta 2024ko abenduan baino 210 gehiagorekin amaitu da urtea. Urte batetik bestera Gipuzkoan bakarrik handitu da langabeen kopurua. Bizkaian ere handitu da azarorik abendura: 279 gehiago zenbatu dituzte, baina 2024ko abenduan baino 139 gutxiago. Araban, 220 gehiago izan dira abenduan, baina aurreko urtean baino 17 gutxiago. Nafarroako Lansaren, berriz, 2024ko hondarrean baino 872 gutxiago daude izena emanda, nahiz eta azaroan baino 271 gehiago izan.
Langabezian dauden horien artean, bitik batek (%56,23) ez du langabezia saririk jasotzen. %31,43k sari arrunta jasotzen dute, eta %12,29k, subsidioa.
Sexuaren arabera, langabezia nabarmen handiagoa da oraindik ere emakumeen artean (guztizkoaren %58) gizonen artean baino (%42). Lanik gabe dauden gizonen kopurua apaldu egin da urte batetik bestera: 492 gutxiago dira. Emakumeena, aldiz, handitu egin da:Â 324 gehiago dira.
Urte osoan zehar industria agertu da ahulen. Abenduan beste 435 langabe zenbatu dituzte sektore horretan. Dena den, abenduan zerbitzuen sektoreak izan du hazkunderik handiena, 1.012 langabe gehiago izan baitira. Eraikuntzan 106 gehiago erregistratu dituzte. Azaroan enplegurik gabe zeudenen artean, 304k aurkitu dute lanpostu bat abenduan.
Lan kontratuetan ere eten bat egon da urte amaieran. Guztira, 402 kontratu gutxiago egin dira azarorik abendura. Hala ere, urte saldoa positiboa izan, 2024an baino 20.047 kontratu gehiago egin baitira. Datu positibo horrek, baina, badu bere ifrentzua. Kontratu berri horietatik, hamarretik bat baino ez da izan lan kontratu mugagabea.
Guztira aurreko urtean baino lan kontratu gehiago egin diren arren, kopuru totalari erreparatuta, 2015etik 2019rako epean baino gutxiago izan dira. Ohi den moduan, 2015ean egin diren kontratu gehienak aldi baterakoak izan dira: %77,6. Mugagabeak, berriz, %22,72 izan dira. 2021. urtean sartu zen indarrean azkenengo lan erreforma. Horrek, besteak beste, muga gehiago jarri zizkion behin-behineko kontratazioari. Lehenengo urtean eragin nabarmena izan zuen: aldaketaren aurretik aldi baterakoak %90 inguru ziren , eta %75era jaitsi ziren. Ordutik egonkor mantendu da proportzio hori, baina goranzko joera txiki bat izan da azken urtean.
952Zenbat langile dauden enplegu erregulazioan Hego Euskal Herrian 952 langilek amaitu dute urtea aldi baterako enplegu erregulazio batean, iazko abenduan baino 51 gehiagok. Lanaldi osoko lan erregulazioa zuten hamar langiletik lauk (%63,8), eta gizonak ziren gehienak, %68.
Â