Hego Euskal Herrian mobilizazioak egingo dituzte gaurtik larunbatera

Gizarte eragile eta sindikatuek hainbat deialdi egin dituzte Espainiako Gobernuaren azken neurri sortaren kontra.

2012ko uztailaren 18a
10:11
Entzun

Espainiako Gobernuak "herritarren kontra" hartutako neurriei aurre egiteko prest dira herritarrak. Itxaropenerako ate bat irekitzeko prest, euren eskubideak aldarrikatzeko gertu. "Irtenbide bakarra" mobilizazioa dela adierazi zuten ELA eta LAB sindikatuek neurrien berri jakin ostean, eta haiekin bat datoz hainbat gizarte eragile eta sindikatu ere.

Horregatik, elkarretaratzeak antolatu dituzte gaurko, Lanbideko eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuen zenbait bulegoren aurrean. Deitzaileen artean dira Hego Euskal Herriko langabeen hainbat elkarte, talde ekologistak, gazteen eta erretiratuen elkarteak, pobreziaren aurkakoak.

CCOO eta UGT sindikatuek ere mobilizazioak iragarri dituzte Hego Euskal Herrian biharko. Donostian, Bilbon eta Gasteizen manifestazioak egingo dituzte 19:00etan; Iruñean eta Tuteran, berriz, 20:00etan egingo dituzte. Deialdiarekin bat egin dute SATSE, SAE, UTESE eta CSIF sindikatuek.

Damaso Casado UGT-Euskadiko buruak, ordea, greba orokorrera deitzea ez du inolaz ere baztertu: "Ziur urtea amaitu aurretik egin beharko dela". UGTk eta CCOOk gaitzetsi egin dute ELAren eta LABen jarrera, deialdiarekin bat egiteari "ezezkoa" eman diotelako. Dena den, adierazi dute sindikatuen batasunaren alde lanean jarraituko dutela.

Era berean, ELA sindikatuak ez du bat egin Euskal Herria Bilduk larunbaterako deitutako manifestazioarekin (Bilbo, 17:30). Haren arabera, alderdi politikoek benetan parte hartzeko aukera eman beharko liekete sindikatu eta gizarte eragileei erabakiak hartzeko orduan, eta hori ez dela gertatzen uste du, "ezta Bilduren ardurapeko erakundeetan ere". Gainera, ELAk dio ez duela onartuko alderdi politikoek gizartearen eta sindikatuen mugimendua "modu alderdikoian" erabiltzeko asmoa.

Deialdiak

- Gaur, 19:00etan. Elkarretaratze zaratatsuak eskualdeka, ohiko lekuetan. Deitzaileak: ELA, LAB eta beste hainbat eragile.

- Bihar, 19:00etan, manifestazioak Donostian, Bilbon eta Gasteizen; 20:00etan, manifestazioak Iruñean eta Tuteran. Deitzaileak: CCOO eta UGT.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.