Hego Euskal Herriko esportazioak nabarmen hazi dira aurtengo bigarren hiruhilekoan, iazkoarekin alderatuta: %21,44. Inportazioak, aldiz, %15,30. Aurtengo apirilean, maiatzean eta ekainean esportazioek 7.482 milioi euroko balioa izan dute; inportazioek, berriz, 7.106 milioi eurokoa.
Esportazioen hazkunde handia probintzia guztietan gertatu da eta guztietan hazi dira gehiago esportazioak inportazioak baino.
Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, helmuga Ameriketako Estatu Batuak dituzten esportazioak %35,3 hazi dira; Europako Batasunera egindakoak, berriz, %16,9. Europako Batasunaren barruan zenbait herrialdetara egindakoak asko hazi dira urtebetean: Belgikara %67,7, Alemaniara %26,5, Frantziara %21,5 eta Portugalera %18,8.
Esportazioetan gorakada nagusia metalek eta bere manufakturek (%27,2) eta material elektrikoak (%22,2) izan dute; inportazioetan, berriz, produktu mineralek, %42,9koa. Mineralena da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inportatutako produktu guztien balioaren %37.
Autoen garrantzia Nafarroan
Nafarroan, garraio materialek dute pisurik handiena esportazioetan: esportazio guztien erdia. Landabenen egindako autoen eraginagatik batez ere. Autoen esportazioa da Nafarroako esportazio guztien laurdena.
Garraio materialen esportazioa %8,2 igo da aurtengo bigarren hiruhilekoan iazkoarekin alderatuta Nafarroan. Inportazioetan ere garraio materialak dira pisu handiena dutenak. Urtebetean jaitsi egin da garraio materialen inportazioa %10,8.
Nafarroako esportazioen helmuga nagusia Europako Batasuna da eta, bertan ,Frantzia eta Alemania.
Hego Euskal Herriko esportazioak %21 hazi dira bigarren hiruhilekoan
Probintzia guztietan gehiago hazi dira esportazioak inportazioak baino apiriletik ekainera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu