Gauza asko egin daitezke udan: lo egiteko aprobetxatzen dute batzuek, eguzkia hartzeko besteek, eta oporretara joateko gehien-gehienek. Punta-puntako helmuga turistikoentzat soilik ez, Euskal Herriko turismoarentzat ere uda beroa izaten ari da; inoiz ez bezalako datuak lortu dituzte Hego Euskal herriko ostatuetan.
INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur emandako datuen arabera, aurtengo uztailean 501.500 sarrera inguru izan dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hoteletan, hots, iazko uztailean baino %4,3 gehiago. Horietatik erdiak baino gehiago, 394.297, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratu dituzte; eta 107.277 Nafarroan. Denera, bidaiariek 992.198 gaualdi egin zituzten lau lurraldeetako hoteletan, iazko uztailean baino %3,4 gehiago.
Turista bakoitzaren batez besteko egonaldia 2,08 egunekoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —iazko uztailean baino %0,4 gehiago—. Nafarroan ere apala izan da igoera: ia bi egunekoa (1,89) izan da batez besteko egonaldia, iaz baino %0,5 handiagoa.
Datu horiei erreparatuta, begi bistakoa da uda indartsua izaten ari dela Hego Euskal Herriko ostatuentzat. Okupazio mailak ere hala adierazten du: %74,3koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta %52,7koa Nafarroan.
Prezioak ere, goraka
Dena den, bidaiariek eta egonaldiek gora egin duten heinean, gora egin dute, halaber, Hego Euskal Herriko ostatuetako prezioek. INEk emandako datuen arabera, batez beste 117,18 € balio du gauak Nafarroako hotel batean, iazko uztailean baino %14,28 gehiago. Zertxobait garestiagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 151,75€ (+%7,68).
Halere, badago aldea lurralde batetik bestera. Eustaten arabera, Araban 88,53 euro ordaindu da logela batean gau bat pasatzeagatik; Bizkaian, 105,33 euro; eta Gipuzkoan 165,37 euro.
Baliteke igoera horrek beste zera honekin zerikusia izatea: uda honetan bereziki handitu da Espainiatik kanpoko bidaiarien kopurua. Eta, hain justu, turista horiek izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletako sarrera guztien erdiak baino gehiago: %53,4. Oro har, turista gehienak Frantziako eta Espainiako estatuetatik iristen diren arren, aurten bereziki ugaritu dira AEB Ameriketako Estatu Batuetatik, Alemaniatik eta Erresuma Batutik etorritako bidaiariak.