Hegoaldean zabalik da ekipamendu berriztagarrien zirkulartasunerako laguntzak eskatzeko epea

Naturklima eraikinean aurkeztu dituzte 100 milioi euroren diru laguntzak. Bi sektore lagunduko dituzte diruz: birziklapenerako industria eta berriztagarrien ekodiseinuaren berrikuntza.

Aurkezpeneko argazkia, Naturkliman; erdian, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatua. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Aurkezpeneko argazkia, Naturkliman; erdian, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasun diputatua. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 17a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Zubietako (Donostia) Naturklima eraikinean aurkeztu du Espainiako Gobernuak Ekonomia Zirkularraren ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoko (ESEPE) diru laguntzen lerro berria: Renocicla. Energia berriztagarria ekoizteko ekipamenduaren zirkulartasuna sustatzeko lerroa izango da, eta gehienez 100 milioi euro banatuko dituzte. Enpresek irailaren 16ra arte izango dute aukera diru laguntza jasotzeko eskaria egiteko.

Lerro berriaren lehen programa argindar berriztagarria ekoizteko ekipamendua birziklatzeko instalazioetarako izango da. Hiru azpiatal izango ditu: eguzki panelak birziklatzeko instalazioena, haize erroten palen zirkulartasunerako plantena, eta bateriak birziklatzeko instalazioena. Bigarren programaren helburua, berriz, berrikuntza bultzatzea da; zehazki, energia berriztagarria ekoizteko azpiegituren ekodiseinuaren berrikuntza proiektuak lagunduko ditu. Lehen programak izango du aurrekontu handiena, 80 milioi euro; panel fotovoltaikoak birziklatzeko plantentzat 30 milioi euro jarriko dira; eta haize erroten palentzat eta baterientzat, berriz, hogeina milioi euro. Berrikuntza, berriz, hogei milioi eurorekin lagunduko da.

Aurkezpenean izan da Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua, eta azaldu du diru laguntza lerro berria «palanka estrategikoa» izango dela Gipuzkoako ekonomia zirkularraren industriarako. Espero du «balio kate berri bat aktibatzeko» indarra izatea, eta gogorarazi du Gipuzkoa erreferentziazko herrialdea dela ekonomia zirkularrean; eredutzat jarri du Zirkular Bat enpresen komunitatea.

Alejandro Dorado Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko ekonomia zirkularrerako komisarioa da, eta Gipuzkoan ekonomia zirkularrak duen indarra nabarmendu du. Ekonomia Zirkularraren ESEPEa ia 500 milioi euro banatzekoa da Espainian eta Hego Euskal Herrian, eta orain arte mugitu den dirutik hamabi milioi euro Gipuzkoako enpresek jaso dutela oroitarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.