Gutxieneko errentak

Hegoaldeko 4.741 familiak eskatu dute bizitzeko gutxieneko diru sarrera

Gizarte Segurantzak errenta berriaren lehen ordainketa gaur egin die ofizioz aitortutako jasotzaileei. Batez besteko ordainketa 430 eurokoa izan da.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 26a
13:50
Entzun

Hamar egunetan, Espainiako Gizarte Segurantzak bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko 4.741 eskaera jaso ditu Hego Euskal Herritik. Horietatik ia erdiak Bizkaitik egin dira (2.291), eta Nafarroan ere milakoa gainditu dute (1.007). Gipuzkoan 801 pertsonak eskatu dute sarrera berria, eta Araban 642 eskaera izan dira. 

Eskaera horiek Gizarte Segurantzak jaso ditu behin-behinean, haien kudeaketa Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ematen dien mandatua ez dagoelako prest. Mandatu horiek ere behin-behinekoak izango dira, laguntzaren kudeaketaren transferentziak gauzatu artekoak. Dena den, Lanbidek ere jaso ditu bizitzeko errentaren 78 eskaera, eta Gizarte Segurantzara bideratu ditu, eskatzaileei tramiteak aurrezteko. 

Bizitzeko gutxieneko diru sarreraren lehen ordainketa gaur egin du Espainiako Gizarte Segurantzak. Dirua jasoko dutenei ofizioz aitortu zaie laguntza, beren kargu seme-alabak izateagatik laguntza jasotzen zutenei, hain zuzen. Aldaketa hori izan dute 65 jasotzailek Hego Euskal Herrian, eta, beraz, hilabete bukaera honetan jaso dutena jada bizitzeko gutxieneko errenta da. 

Hego Euskal Herrian eta Espainian, Gizarte Segurantzan guztira 74.119 familiari —250.000 pertsona inguru, erdiak adin txikikoak— pagatu die errenta berria. 32 milioi euro izan dira, eta batez besteko ordainketa 430 euro izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.