Albiste txarrak nagusi direnean esportazioak dira salbuespena. Sekula baino gehiago esportatu zuten iaz Hego Euskal Herriko enpresek. Atzerrira egindako salmentak %15,5 igo ziren, aurreko urtearekin alderatuz. 2011. urtean 29.159 milioi euro esportatu zituzten Hegoaldeko enpresek, Eusko Ganberak elkarteak eta Nafarroako Estatistika Erakundeak dituzten behin-behineko kalkuluen arabera. Lau herrialdeen superabit komertziala, gainera, 6.766 milioira iritsi zen.
Inoizko esportazio kopururik handiena da. Orain arte, markarik onena 2008. urtekoa zen, 26.658 milioi eurorekin. Gailurraren hurrengo urtean ekonomia hondoratu zen, eta atzerrira egindako salmentak %23 erori ziren, 20.000 milioiren bueltan geratzeko.
Eusko Ganberek EAEko merkataritzaren balantzea aurkeztu zuten atzo. Emaitza «historikoa» izan dela nabarmendu zuen Gregorio Rojo Arabako Merkataritza Ganberako presidenteak. «Emaitza txarrak nagusi diren egoeran esportazioekin marka guztiak haustea itxaropenerako zerbait da», haren ustez. EAEko barne produktu gordinaren %32 izatera iritsi dira esportazioak.
Herrialde guztietara zabaldu da kanpo merkataritzaren bultzada, baina Araban izan da adierazgarrien. Han esportazioak %25 handitu ziren 2011n. Mercedes eta Michelin alde batera utzita, Tubacex eta Tubos Reunidosen ekarpena aintzat hartu behar da. Gipuzkoan %17,7 igo ziren; Bizkaian, %13,7 eta Nafarroan, %9,3.
Bolada ona ez amaitzea espero dute merkataritza ganberek, aurten hamar enpresatik bederatzik esportazioei eutsiko dietela edo handituko dituztela aurreikusi dutelako. Hain zuzen ere, enpresen %46k gehiago salduko dutela erantzun du ganberek igorri dituzten inkestetan. Soilik %10ek gutxiago saltzea espero dute.
Inportazioak ere igo dira, baina hazkunde txikiagoa izan dutenez, superabit komertziala %62 handitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ia 4.000 milioi euroraino. Errusia da hornitzaile nagusia.
Ekipo ondasunak eta amaitu gabeko manufakturak — burdina, altzairua eta kautxua — sektore esportatzaileenak dira, egindako salmenta guztietatik ia bi heren biltzeraino. Ibilgailuak eta autoentzako piezak produktu zehatzen zerrendako lehenbiziko tokian agertzen dira, esportazioen %16rekin. 2011. urtean hazkunderik handiena tren industriak izan du, besteak beste, CAFen bultzadari esker. «Industriaren indarra agerian uzten dute datuek, eta merkatuek geure produktuengan duten konfiantza handia», Rojoren hitzetan.
Europatik haratago
Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik ateratzen diren produktuen erosleek %65 Europako Batasunean daude. Hor kokatzen dira enpresen bi bazkide komertzial handienak, Frantzia eta Alemania. Bien artean esportazioen %34 jasotzen dituzte. Atzerrira saltzea eta enplegua lotu zituen Arabako ganberako presidenteak. «Kanpoan gero eta produktu gehiago saltzeak produkzioari eta enpleguari eustea bermatzen du».
Baina Europatik kanpo ere enpresak ari dira apurka beste merkatu berriago batzuetara hurbiltzen. Iaz hazkunde garrantzitsuak izan zituzten, esaterako, Senegal, Arabiar Emirerri Batuak, Saudi Arabia, eta Brasilera egindako salmenta. Aurten 25 txango komertzial antolatuko dituzte Eusko Ganberek.
Hegoaldeko enpresen esportazioek goia jo dute, industriak bultzatuta
Esportazioak %15 handituta, 6.766 milioi euroko superabit komertziala dute lau herrialdeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu