Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute

Ekainetik uztailera %17 murriztu dira esportazioak Hego Euskal Herrian, laugarren hilabetez segidan. Energiaren eskaria txikitzeak bultzatu du batez ere merkataritzaren beherakada.

jarraia233046.jpg
inaut matauko rada
2023ko irailaren 21a
13:29
Entzun

Europako ekonomia nagusien geldoaldia nabari da Hego Euskal Herriko kanpo merkataritzan, uztailean behera egin baitzuten bai esportazioek eta bai inportazioek. Laugarren hilabetez jarraian egin dute behera adierazle horiek.

Guztira, uztailean 3.185 milioi euroren salmentak egin dituzte Hego Euskal Herriko enpresek, eta erosketak, berriz, 2.759 milioi eurokoak izan dira. Hala, esportazioek %17 egin dute behera ekaineko datuekin alderatuta, eta inportazioek, berriz, %19. Eustatek eta Nastatek emandako datuak dira.

Inflazio handiari aurre egiteko neurri nagusiak, interes tasen igoerak, asko zaildu du kreditua lortzea, eta enpresa asko gutxiago inbertitzen eta gutxiago erosten ari dira; horregatik motelaldia.

Emaitzak lurraldeka

Alde handiz, Araba da oraindik portaera onena duen lurraldea. Izan ere, 2022ko uztaileko datuekin alderatuta, esportazioak eta inportazioak handitu dituen herrialde bakarra da. Iazko uztailetik %17,7 handitu dituzte esportazioak, eta %16,7 inportazioak.

Nafarroan ere gora egin dute adierazle biek urte artean. Esportazioak %6,4 handitu dira, eta inportazioak, berriz, ia %5. Gipuzkoan, kanpo salmentek %6,5 egin dute behera, eta erosketek, berriz, %17,6.

Bizkaiak izan du, nabarmen, motelaldi handiena iazko datuekin alderatuta, esportazioak ia laurden bat murriztu baitira (-%22,6), eta inportazioak are gehiago, %28,8 gutxitu baitira. Hori, baina, ulergarria da jakinda zein den Bizkaiak gehien inportatzen duen lehengaia. Izan ere, petrolioa eta gas naturala jasotzen ditu Bilboko portuak, eta Europako ekonomiaren geldoaldiak energiaren eskaria apaldu du.

Energiaren datuak zehatzago ikusita, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia %80 murriztu dira iazko uztailetik energia produktuen esportazioak; beraz, kanpo erosketek ere nabarmen egin dute behera, iazko uztailean baino %43,1 gutxiago erosi baitira energia produktuak. Gainontzeko produktuetan, adibidez, EAEko esportazioek gora egin dute 2022ko uztailarekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.