Negozioa indartzeko aukera kanpoan agertzen ari zaie berriro euskal enpresei. Joan den urteko jaitsierari buelta eman, eta aurtengo lehen seihilekoan goia jo dute Hegoaldeko esportazioek, dirutan neurtuta. Hain zuzen ere, urtarriletik ekainera 16.240 milioi euro saldu dituzte enpresek nazioartean. Joan den urteko emaitzekin alderatuz, %6,2 handitu da salmenta horien balioa.
Datua atzo jakinarazi zuen Espainiako Ekonomia Ministerioak, Merkataritza Idazkaritzak bildutako behin-behineko datuetan oinarrituta, eta agerian uzten du kanpoko merkatuetara begira jarraitzeko apustua, merkatu hurbilenak ere apurka onbideratzen hasi diren garaiotan.
Emaitza globalaren atzean, ñabardura batzuk daude, herrialdearen arabera. Hala, hazkundea bereziki indartsua izan da Bizkaian. Aurreko urtean baino %16 gehiago esportatu dute hango enpresek. Ekipamendu ondasunen ekarpena azpimarratzekoa da: ia %20 igo da, eta herrialdeko esportazioen laurden bat eskaintzen du.
Arabak ere bilakaera esanguratsua izan du, salmentak %8,4 handituta. Kasu horretan, ibilgailuen sektoreari —Mercedes lantegia, hain zuzen ere— zor zaio, bereziki. Sektorearen esportazioak %12 igo dira urte batetik bestera. Herrialdeak nazioartean saltzen dituen hamar eurotik lau dagozkio ibilgailuen sektoreari. Gipuzkoan, esportazioen hazkundea apalagoa da (%1,8). Neurri handi batean, ekipamendu ondasunen bilakaerari zor zaio. Herrialdeko esportazioen %55 dira, eta aurreko urtearen pare geratu dira salmentak, igoerarik gabe.
Emaitza hutsei erreparatuta, txanponaren ifrentzua litzateke Nafarroa. Esportazioek beherakada arina (%1) izan duten herrialde bakarra da, baina azalpenak zerikusi handia du arrazoi zehatz batekin. Polo modelo berria ekoizteko prestatzen aritu dira Volkswagen lantegiak. Ibilgailuak dira herrialdeko esportazioen %46, eta, sektore horretan, %3,8 izan da jaitsiera. Ekainean bertan, %20 murriztu zen. Arrastoa ere ekipamendu ondasunetan islatu da, eta urtearen joanean %8,9ko jaitsiera izan dute esportazioek.
Superabit txikiagoa
Esportazioen martxa onak orekatu du neurri bateraino balantzaren beste aldean gertatzen ari dena. Inportazioek hazkunde garrantzitsua izan dute urte batetik bestera. Hain zuzen ere, %17,8 handitu dira, aurreko urteko lehen seihilekoarekin alderatuta.
Kasu honetan, egoerak lotura zuzena du energiaren prezioa garestitu izanarekin. Herrialdez herrialdeko alderaketak ondo islatzen du hori. Bizkaiak izan du inportazioen hazkunderik handiena (%38), herrialde horretatik sartzen direlako kontsumitzen diren erregai fosil gehienak. Maiatzera bitarte, Hego Euskal Herrian inportatu diren energia produktuen balioa %82 handitu da.
Petrolio merkearen bolada gelditu izanaren ondorioz superabit komertzialaren parte esanguratsu bat galdu du euskal ekonomiak. Kanpo saldoa —esportazioen eta inportazioen arteko aldea— %15 jaitsi da, aurreko urtearekin alderatuz. Edonola ere, oraindik ere 4.400 milioi eurotik gorako superabit komertziala izan da urteko lehen erdian.
Euskal enpresen nazioarteko merkatu tradizional guztietan hobera egin dute esportazioek. Bi merkatu handienetakoek igoera arinak izan dituzte. Frantziara egindako salmenten balioa %3,9 handitu da, eta %7,4 Alemaniara egindakoena. Erresuma Batura egin diren esportazioek igoera aipagarria izan dute: %14. Europako Batasunetik at, AEBek (%5,4), Mexikok (%6,3) eta Txinak (%8,2) sostengatu dute hazkundea. Behera egin duen merkatu aipagarri apurretako bat da Txile (-%40).
Hegoaldeko esportazioen balioak goia jo du urteko lehen seihilekoan
Ekainera bitarte, %6,2 igo dira euskal enpresek kanpora egindako salmentak. Energia produktuen prezio igoerak %15 murriztu du superabit komertziala. Nafarroako jaitsiera Polo berriari lotuta dago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu