Hemeretzi lagun atxilotu dituzte Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian

Gehienak, bederatzi, iluntzean atxilotu dituzte, Iruñeko Morea merkataritza gunean protestan ari zirela.

2020ko urtarrilaren 30a
09:07
Entzun

Ertzaintzak eta Foruzaingoak hamar pertsona atxilotu dituzte egun osoan. Burlatan ekintza ikusgarria egin zuten greba orokorrarekin lotuta. Lau piketek Areta industrialdera sartzeko errepidea itxi dute, bidoi batzuetara kateatuta. Foruzaingoak kateak moztu behar izan ditu ekintzaileak handik atera eta errepidea zabaldu ahal izateko. Laurak atxilotu dituzte, baina askatu egin dituzte ordu batzuk igaro eta gero. Iluntzean, guardia zibilek bederatzi lagun hartu dituzte atxilo Iruñerriko Morea merkataritza gune inguruan, Polizia protestan ari zirenen aurka oldartu eta gero.

Donostian beste bi pikete atzeman dituzte goizaldean. Ertzaintzako iturrien arabera, bi kutxa automatikori eraso diete, eta hainbat dendaren atarian grebaren aldeko pintaketak egin dituzte. Ermuan ere (Bizkaia) pertsona bat atxilotu dute, udaltzain bati eraso egitea egotzita. Harekin zihoazen beste bi lagun identifikatu ditu Ertzaintzak.

Zornotzan, Bizkaian, bi lagun atxilotu dituzte, Boroako industrialdeko sarrera mozteagatik. Goizeko zazpiak inguruan piketeek barrikada jarri dute industrialdeko sarreran. Ertzaintzak piketeko kide bat atxilotu du desordena publikoak eragitea egotzita. Iruñeko Donibane auzoan ere pertsona bat atxilotu du Foruzaingoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.