Herrialdeen aurrekontuetan esku hartzea aztertzen ari da Europa

Neurria defizit handiegia duten herrialdeei aplikatuko lieketela esan du Belgikako Finantza ministroak

jakes goikoetxea
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Euroguneko herrialdeek orain artean baino gaitasun gehiago gal dezakete erabaki ekonomikoak hartzeko, aztertzen ari diren proposamen batek aurrera egiten badu: defizit edo zor publiko handiegia duten herrialdeetan euroguneak hartzea aurrekontuei dagozkien hainbat erabaki. Didier Reynders Belgikako Finantza ministroak aipatu du mahai gainean duten aukera hori, La Libre Belgique egunkariari eskainitako elkarrizketan.

Finantza krisiaren ostean euroguneko gobernuek hainbat neurri hartu behar izan dituzte merkatuek eta Europako Batasuneko erakundeek behartuta. Erabaki ekonomikoak hartzeko eskuduntzaren zati bat merkatuen eta bestelako erakundeen esku geratu da. Nabarmenenak Greziaren, Irlandaren eta Portugalen kasuak dira, erreskate planen truke kanpotik agindutako hainbat murrizketa eta zerga igoera onartu behar izan baitituzte. Gainera, Europako Batzordearen, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta Europako Banku Zentralaren (EBZ) azterketak gainditu behar izaten dituzte, laguntzak jasotzen jarraitzeko.

Eurogunea urrunago hel daiteke. Europako Kontseiluak isunak ere proposatu zituen herrialde horientzat, baina isunak baino zerbait gehiago ere aztertzen ari da. Herrialdeek Egonkortasun eta Hazkunde Ituna urratuz gero, defizit publikoa %3 baino handiagoa izanez gero,«haren ordez erabakiak hartzea, zaintza modukoa, behin-behinean aurrekontuaren gaineko burujabetza galtzea».

Bitartean, finantza merkatuetan deja vu sentipena etengabea da. Batzuek egoera 2008koarekin ere alderatu dute, Lehman Brothersen porrotak eragindakoekin. Jürgen Stark Europako Banku Zentraleko ekonomialarien buruak uste du ezetz. Onartu du badirudiela finantza erakundeek likidezia arazoak dituztela eta ez diotela dirua elkarri uzten, baina uste du 2008ko bankuen arteko egoera eta oraingoa ezin direla alderatu.

Atzo behintzat burtsetako jaitsierak herenegungoak baino apalagoak izan ziren, %5eko galeretatik urrun: Milango MIB indizeak %2,49, Frankfurteko Dax-ek %2,19, EuroStoxx-ek %2,15, Madrilgo Ibex 35ek %2,11, Parisko CAC 40k %1,92 eta Londresko FTSEk %1,01.

Baita atzeraldi arriskua aipatzen dutenak gero eta gehiago diren arren: JP Morgan eta Citigroup Ameriketako Estatu Batuetako bankuak herrialdearen hazkundea uste baino txikiagoa izango dela uste dute.

Eta baita Greziak bere ekonomia espero baino gehiago uzkurtuko dela ohartarazi duen arren. Hazkunde negatiboa %4,5ekoa beharrean, %5 ingurukoa izango dela onartu baitu gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.