BBK, Kutxa eta Vital elkartzeko proiektuak herrialde bakoitzaren interesekin «bateragarria» dela uste du Mario Fernandezek, Bilbao Bizkaia Kutxako presidenteak. Xabier Iturbe (Kutxa) eta Carlos Zapaterorekin (Vital) batera Lehendakaritzan izan zen atzo Fernandez, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuari ekimena aurkezteko saioan.
Gobernuaren eta EAJ, PSE-EE eta PPren babesa du proiektuak. Horrek, arlo praktikoan, arazorik gabe aurrera ateratzea ahalbideratzen die Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan, ordea, bestelako laguntza batzuk bilatu beharko dituzte, batzar nagusian bi heren ez dituztelako kontrolatzen.
Fernandezek ez du aparteko arazorik espero Kutxan ere behar duten gehiengoa lortzeko «Elementu tekniko funtsezkoenak herrialde honetan oso garrantzitsuak diren herrialdeko sentsibilitateekin bateratzen saiatu gara», BBK-ko buruzagiaren hitzetan. Edonola ere, gainditu beharreko zailtasun batzuk badirela onartu zuen. «Baikorra naiz, proiektu komuna delako eta babes soziala nahiko handia izan duelako, eta herrialde bakoitzaren interesekin bateragarria dela uste dut».
BBK, Kutxa eta Vitalen finantza negozioa banku batean biltzeko asmoa ofizial egin eta gero, lehen agerraldia zen atzokoa hiru kutxetako agintarientzat. Hasiera batean hedabide grafikoentzat bazen ere, Fernandezek hitza hartu zuen. Iturbek eta Zapaterok ez zuten adierazpenik egin.
Oraingoz, erakundeek ez dute deus aurreratu bateratzeari buruzko ezaugarri teknikoen inguruan. Hurrengo asteetan finkatu beharko da sortuko den bankuan kutxa bakoitzak izango duen pisua. Dena den, bateratzearen ondoren kutxa bakoitzak bere nortasun propioari eta gobernu organoei eutsiko die.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrezki kutxak elkartzeko bosgarren ahalegina izan da. Hala ere, akordioaren oinarriak adostea ez dela oso zaila izan ziurtatu zuen Fernandezek. Ñabardurak ñabardura, ekimenak izan duen babes publikoa ontzat jo dute kutxetako agintariek. «Orain geure ardura da bururaino eramatea», laburbildu zuen BBK-ko buruzagiak. Hasi duten prozesuak Jaurlaritzaren «babes osoa» izango duela azaldu zien Lopez lehendakariak hiru presidenteei.
Astelehenekomuga
BBK-k, Kutxak eta Vitalek hasi dute euren bidea, baina aurrezki kutxen sektorea benetako zurrunbilo batean dago sartuta. Izan ere, Espainiako Gobernuak ezarri duen kapital maila gainditu ez zuten erakundeek astelehena arte dute dirua lortzeko asmoarekin hartuko dituzten neurriak jakinarazteko Espainiako Bankuari.
Zortzi kutxa taldek eta lau bankuk 15.000 milioi euro behar dituzte. Apirilaren 14a arteko epea du Espainiako Bankuak ontzat jotzeko edo errefusatzeko.
«Herrialdeen interesekin bateragarria da bat-egitea», dio BBK-ko buruak
Mario Fernandezek ez du aparteko arazorik ikusten Kutxan ere beharrezkoa den sostengua lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu