Herrikoak diru bilketaren herena lortua du kanpaina garai erdian

Akzio eroste gehienak kanpaina bukaeran izanki, milioi bat euroko helburua lortuko duela dio Herrikoak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2009ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Azaro hasieran, dirua biltzeko kanpaina berria abiatu zuen Herrikoa sozietateak: hiru hilabetez milioi bat euro eskuratzea, Ipar Euskal Herriko lanpostuak sortzeko edota mantentzeko. Akzio harpidetzako kanpaina erditsutan, 324.050 euro bilduak dituztela zehaztu zuen atzo Herrikoaren lehendakari Pierre Mendiburek.

Mendiburek jakinarazi zuen kanpaina hasieratik 149 herritar eta zortzi entitate moralek ekarri dutela kapitala: «Badakigu kanpaina bukaeran dela diru gehiena etortzen», zehaztu zuen. Hori dela eta, milioi bateko helburua lortzea ez du zalantzan jartzen Mendiburek.

Herritarrei deia

«Espero dugu kanpainaren bigarren fasean, herritarren tokia emendatuko dela», azaldu zuen Mendiburek. Hau da, herritarrek 56.815 euroko ekarpena egin badute, pertsona moralek 267.235 eurokoa egin dute. Hots, orain arte lorturiko kapitalaren %17,5 herritarren ekarpenari esker izan da. Nabarmendu behar da Eskualdeko Kontseiluak 265.000 euro eman dizkiola Herrikoari.

Azaroaz geroz, 64 herritar akziodun egin dira. Horiez gain, Joseph Bergara Sokoako direktorio-zuzendariak adierazi zuen Herrikoak akzioak erosteko deia egin diela akziodun zaharrei ere. Orain arte, 3.748 akziodunetarik 85ek kapitala gehitu dute Herrikoan.

Lehendakariak ohartarazi duenez, emakume eta gazteen pisua emendatuz doa. Hau da, akziodun berrien %28,9 emakumeak dira. «Orain arte emakumeek ez zeukaten hainbeste pisu», zioen Mendiburek. Gazteen lekua azkarra dela ere zehaztu zuen. Hau da, kanpaina hasi denetik, 25 urtez behetiko hamabost bat gazte sartu dira Herrikora.

2009an lantegiak krisian sartu direnez, 2010ean Herrikoari egingo den laguntza eskaera azkarki emendatuko dela aurreikusten du Mendiburek. Hori dela eta, «laguntza hau eskaini ahal izateko», finkaturiko milioi bat euroko helburua lortzea ezinbestekoa dela azpimarratu, eta akzioen erosteko deia egin zien herritar guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.