Poliki eta zarata handiegirik atera gabe, baina %2ko muga gainditu du dagoeneko Euriborrak. EBZ Europako Banku Zentralak hileko azken lanegunarekin batera jakinarazi du martxoko batez bestekoa: %2,086an amaitu du hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizeak, 2009ko otsailaz geroztik izandako mailarik altuenean. Hala, 30 urtean ordaintzeko 160.000 euroren hipotekak hilean 70 euro inguru garestituko dira.
Krisiaren ondorioz maila oso apalean egon ostean, iazko maiatzean hasi zen Euriborraren joera aldaketa. Ordutik hilero-hilero egin du gora, pare bat salbuespenekin; eta, itxura guztien arabera, bide beretik jarraituko du aurrerantzean ere. Hasierako hilabeteetan ez ziren igoera handiak izan, baina urte hasieran bizkortu egin da erritmoa. Arrazoia: interes tasen igoera.
Kontuan hartu behar da finantza erakundeek utzi aurretik erosi ere egin behar izaten dutela dirua. Bankuen arteko merkatuetara jotzen dute horretarako, eta, interes tasak igoz gero, garestiago lortzen dute dirua, eta, ondorioz, garestiago utzi.
Arabiar herrialdeetako matxinaden ondorioz, otsailean garestitu egin ziren erregaien eta elikagaien prezioak. Inflazio datuak puztu egin ziren, eta finantza merkatuak, berriz, beldurtu, EBZk igo egin ohi dituelako interes tasak prezioen garestitze handiegiak saihesteko. Bada, kezka horrek eraginda, urtarri-letik otsailera bitartean, %1,55etik %1, 714ra pasa zen Euriborra.
Martxoan ere antzeko gorakada izan zuen indizeak. Hilaren 3an, agerraldia egin zuen Jean Claude Trichet EBZko presidenteak. «Posible al da interes tasak apirilean igotzea?», galdetu zioten. «Posible da», erantzun zuen hark. Tricheten ahotan, ia ziur igotzea esan nahi du horrek, eta hala erreakzionatu zuten finantza merkatuek. %1,714tik %1,924ra pasa zen Euriborra hilabetean.
Apirilean, susmoak bete egin dira, eta diruaren prezioa garestitu du EBZk, puntu laurden, %1,25era. Gidoiari jarraituz, gora jarraitu du indizeak, eta %2,086an amaitu du hilabetea. Merkatuek espero zuten interes tasen aldaketa. Hori dela eta, otsailean eta martxoan baino txikiagoa izan da gorakada.
Hilabete batetik besterako aldeak ez du eraginik izaten kuotak berritzerakoan. Hipoteka urtean behin berritzea izaten da ohikoena, eta aurreko urteko hilabete bereko datuarekin egiten da konparaketa.
Iazko apirilean %1,225ean zegoenez indizea, garestitu egingo dira hileroko kuotak. Zenbat eta urte gehiagoan ordaindu, orduan eta gehiago. Hogei urtean ordaintzeko hipotekak %8,35 garestituko dira, hilean 66 euro; 25 urtean ordaintzekoak, %10,32, hilean 68 euro; eta 35 urtekoak, %14,12, hilean 72 euro.
Hipoteken negozioa, motel
Etxebizitza sektorea motel dabilela erakusten dute INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuek. Otsailean, 3.324 hipoteka eman zituzten Hego Euskal Herrian aritzen diren finantza erakundeek. 2010eko datuekin konparatuta, %23,1 gutxiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %20,4 gutxiago Nafarroan.
Prezioei dagokienez, aurtengo lehen hiruhilekoan, 2.829 euroan saldu da, batez beste, merkatu libreko etxearen metro koadroa Gipuzkoan; Bizkaian, 2.589 euroan; Araban, 2.117 euroan; eta Nafarroan, 1.482 euroan. Iazko azken hiruhilekoarekin alderatuta, Gipuzkoan ez beste hiru lurraldeetan egin dute behera salneurriek: gehien, Araban, %4; Bizkaian, 3,6; eta Nafarroan, %1,6. Gipuzkoan %4 garestitu da metro koadroa.
Hipotekak 70 bat euro garestituko dira, interes tasen igoerak eraginda
Euribor indizeak %2,086an amaitu du apirila, 2009ko otsailaz geroztik izandako mailarik altuenean2010etik ari da gora egiten, baina urte hasieran bizkortu egin du erritmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu