Hipotekaren atzerapena lortzea ez da batere erraza

Baldintza zorrotzak bete behar dituzte beren hipoteken ordainketak atzeratzeko eskatzen dutenek, eta, egungo egoeran, labirinto batean sartzea da ziurtagiri guztiak lortzea.

Kutxabanken bulego bat. BERRIA
xabier martin
2020ko martxoaren 23a
15:29
Entzun

Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiari aurre egiteko dekretuan jasotako neurri bat da, familiarik zaurgarrienak laguntzeko: hipotekaren ordainketa atzeratu ahal izango da hilabetez, zenbait baldintza betez gero. Lerroburu handiak bete zituen joan den astean neurri horrek, Pedro Sanchez presidenteak plazaratu ondoren, baina atzerapenaren letra txikia ondo irakurtzea nahikoa da ohartzeko ez dela batere erraza izango atzerapena lortzea.

Hasteko, ohiko etxebizitzaren hipotekari dagokio neurria, eta horrek kanpoan uzten ditu autonomoen eta enpresari txikien negozioen lokalak. Gainera, atzerapena hilabetekoa baizik ez da izango, dekretuaren arabera, baina erraza da aurreikustea epea gehiago zabaldu beharko dutela, kontuan hartzen bada COVID-19aren krisiak zenbat iraungo duen.

Zer diote bankuek Madrilek hartu duen neurriaz? Ados daude familiarik ahulenak laguntzearekin, baina elkartasunak muga bat dauka haientzat. Izan ere, gogorarazi dute hiru hilabetean ordaintzen ez bada mailegu hori berankortzat joko beharko dutela egungo arautegiaren arabera, eta berankortasun tasak aplikatu beharko dituztela.

Zaurgarritasuna

Hipotekaren atzerapena lortzeko zaurgarritasunarekin lotutako lau baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek, eta laurak bete beharko dituzte ontzat jo dadin. Lehena da hipotekaduna langabezian egotea edo bere salmenten %40 baino gehiago galdu izana, autonomoa bada. Gainera, familia osoaren diru sarrerak ezin dira izan 1.600 eurotik gorakoak azken hilean. Kopuru hori gainditu ahal izango da apur bat, seme-alaben kopuruaren arabera edota gaitasun urriko norbait baldin badago familian.

Bi baldintza horiek beteta ere, hirugarren oztopo bat gainditu beharko dute hipotekaren ordainketa bat atzeratu nahi dutenek. Familiaren diru sarreren %35 ez badituzte gainditzen hipotekaren kuotak eta oinarrizko zerbitzuen kostuak, ezingo dute ordainketa atzeratu. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, frogatu beharko dute hipotekaren zama familiaren diru sarrerekiko 1,3 handitu dela koronabirusaren egoeraren ondorioz.

Agirien arazoa

Bankuek laguntza eskaini dute familiarik ahulenei aholkularitza emateko gaiaren inguruan, baina ez dira hainbeste zabalik jarraitzen duten bulegoak, eta Internet bidezko kudeaketa eskaini dute. Arazo handia da, ordea, zaurgarritasunaren lau baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak lortzea. Administrazioa gelditu egin da neurri handi batean, eta dena ezin da bide elektronikoz egin. Lortu behar den agiri kopurua oso handia da. Langabezia saria ematen duen administrazioak eman behar du berea, esaterako. Ogasunak ere eman behar du agiri bat autonomoen galerak frogatzeko. Udal administrazioak ziurtatu behar du etxebizitza bateko kideak zeintzuk diren. Familia liburua eta beste hainbat agiri eman behar ditu, eta udal ugarik ezin dute hori guztia egin posta elektronikoz.

Gaitasun urria ziurtatzeko agiriak, mendekotasunarena eta lanerako ezintasun mugagabea daude; era berean, ondasunen jabetzarenak, etxebizitzaren eskriturak, hipotekarenak... Agiri ozeano batean gal daiteke hipoteka hilabetez atzeratu nahi duena. Ez da zaila aurreikustea ez direla hainbeste izango atzerapen hori lortuko dutenak.

Agiri guztiak lortu eta bankuak onartu ondoren ere, azken urratsa faltako da: notarioa. Haiek telematikoki egin dezakete beren lana, baina denek ez dute eskaintzen halako zerbitzurik. Hura lortu ondoren, bankuek hamabost eguneko epea lukete Espainiako Bankuari jakinarazteko hipoteka baten ordainketa atzeratzea onartu dela. Hori gertatu ondoren, finantza entitateak ezingo luke neurririk hartu ordaintzeari uzteagatik hipoteka horretan (hilabetez).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.