UPN, Nafarroako bermea. Hauteskunde leloak iraingarriak gerta daitezke. Urteetan, UPNk kudeatzaile onaren mitoa saldu du, eta urte oparoetan marketinak balio izan bazion ere, krisiak hankaz gora utzi du irudi on hori. Ezinbestean, atzeraldi bikoitzak administrazio publiko oro zorpetzera behartu badu ere, gauza bat da zerbitzu publikoak bermatu eta behar sozial eta ekonomikoei erantzutea, eta beste bat lurraldeko boteregune nagusien onerako neurriak hartzea.
Maiatzaren 24an zer gertatuko den, inkognita handia dago. Hala ere, UPNk utziko dituen hipoteken beldur dira alternatibaren atzean diren alderdiak. Baina egiazki, ba al dute arrazoirik kezkatzeko? Bai; Nafarroako Kontuen Ganberak egindako hainbat azterketak aurreratuak dituzte hainbat ondorio. Hona nagusiak:
ZENBAT DA EGUNGO ZOR PUBLIKOA?
2014ko abenduko azken datuen arabera, 3.197 milioi euroko zorra du Nafarroako administrazio publikoak; hots, barne produktu gordinaren %17. Alta, ez da kopuru osoa. Kopuru horretatik at dago Bideko Autobidearen finantzaketa. 2007ko bozen atarian Miguel Sanzek arrandia handiz inauguratutako azpiegitura hori itzalpeko ordainsari sistema bidez finantzatu zen, eta garai hartan Eurostatek baimentzen zuen sistema hori zor publiko gisa ez kontabilizatzea. Bideko Autobideak eragindako zorra gaineratuz gero, egun zor publikoa barne produktu gordinaren %20tik gertu dago. Hori da zehaztu beharreko kontuetako bat.
ZENBAT HANDITU DA ZORRA?
Gutxienez bost bider. 2007 amaieran, 645 milioi euro zen zorra, eta gaur egun, 3.197 milioi euro. Iazko lehen hiruhilekoan, 3.580 milioi euro izatera heldu zen, eta batik bat sozietate publikoen zorra murriztu ostean, jaitsiz joan da. Hala ere, Bideko Autobidea gaineratuz gero —3.197 milioi euroko zifratik at baitago—, sei bider handitzen da.
ZER ATAL NAGUSI DITU?
Alde batetik, zorraren enbor nagusia urtetik urterako gobernuaren defizit publikoa finantzatzeko zor tituluak dira: 2008tik, 1.408 milioi euro handitu da, 2018. milioi euroraino. Bigarrenik, krisia hasi aurretik ez zuen inongo krediturik, baina 2008tik hona arlo publikoak 665,4 milioi euro hartu ditu maileguan —besteak beste, bankuek 300 milioi mailegatu dituzte, eta Europako Inbertsio Bankuak, 306 milioi—. Hirugarrenik, 2013ko datuen arabera, sozietate publikoen zorra 343 milioi euro zen. Iaz Sodenak Iberdrolaren akzioak saldu ostean, zor hori nabarmen jaitsi da, eta egun 224 milioi euroren bueltan ibiliko da. Azkenik, itzalpeko bidesari sistemaren bidez finantzatutako Pirinioetako Autobideak eta Nafarroako Ubideak 321 milioi euroko zorra dute, eta, arestian aipatu bezala, Bideko Autobidearen zorra zifra osotik kanpo dago.
ZEIN DA ZORRAREN ZAMA?
Zorraren zama neurri berean igo da urteroko aurrekontuetan. Hala, 2008an, aurrekontuaren %2,7 bideratzen zen zorra eta interesak ordaintzera (91 milioi euro); iaz, berriz, aurrekontuaren %9,6 bideratzen zen (300 milioi euro).
ETA ETORKIZUNEKOA?
Logikoki, ezin da jakin aurrerantzean zenbat zorpetuko den Nafarroa —hori, batik bat, hurrengo gobernuaren esku dago—, baina jakin liteke egungo zorrak zer pisu izango duen. Kontuen Ganberak aurreikusten du 2016ean 347 milioi bideratuko direla zorra pagatzera, eta, 2017tik aurrera, kopuru hori jaitsiz joango da. 2025erako amortizatu behar da.
ZER PISU DUTE AZPIEGITUREK ZORRAREN BILAKAERAN?
Handia. Azken hamarkadan, UPNren gobernuak, PSNren babesarekin, azpiegitura polemiko ugari bultzatu ditu. Alde batetik, itzalpeko ordainsari sistemaren bidez finantzatutako hiru azpiegiturak daude (Bideko eta Pirinioetako autobideak eta Nafarroako Ubidea). 2014ra arte, 341 milioi euro ordaindu ditu gobernuak, baina hirurak hasierako amortizazio fasean daude, eta gutxienez beste bi hamarkada falta dira kontzesio kontratua betetzeko. Erabilera sozialik gabeko azpiegituren atalean, Los Arcosko zirkuitua eta Reyno Arena pabiloia daude. Kontuen Ganberak ondorioztatu du Reyno Arenan 55 milioi gastatu direla, eta oraindik ez da inauguratu. AHTaren bideragarritasuna auzitan badago ere, egun aurrera doa. Etorkizuneko beste hipoteketako bat Gendulain hirigintza proiektua da.
Zor publikoaren kontu ikuskaritza. Nafarroa
Hipoteken erreinua
Nafarroan, 2008tik 2014ra, bost bider handitu zen zorra, 3.197 milioi euroraino, baina azken zifra handiago izan daiteke, Bideko Autobidea kopuru horretatik at geratzen delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu