Hautsak harrotu ditu ekintza juridiko dokumentatuen zerga ordaintzea bankuena dela esan duen ebazpenak. Espainiako Auzitegi Gorenak berak hura indarrik gabe uztea erabaki du, eta bilkura berezia deitu du azaroaren 5erako doktrina ezartzeko asmoz. Hipoteken zerga hori bankuen bizkar uzteak jipoi ederrak ekarri dizkie finantza entitateei burtsan, eta kasuak izango zituen ondorio sakonen aurrean, auzitegiak ohiz kanpoko erabakia hartu du bere ebazpena indarrik gabe utzita, bilkura bereziak azken erabakia hartu zain.
Eta haren esperoan beste bi epai iritsi dira, Gorenak berak emanak. Eta biak bankuen bizkar uzten ditu hipoteken zergak berriro. Idatziak zeuden auzitegiak azaroko bilkura berezi hori deitu aurretik, baina jakinarazi gabe.
Epaiek nabarmentzen dute bankua dela hipoteka bat notariora eramateko interes handiena duen partea, soilik horrela lortuko baitu hipoteka exekutatzea —bezeroa ordainketetan atzeratu bada, hipotekatutako ondasuna bankuaren esku igarotzea—.
Urriaren 18ko epaiak eta gaur ezagutu diren beste biek goitik behera aldatzen dute joan den otsailean kaleratutakoa. Orduan, Auzitegi Gorenak esan zuen bezeroari zegokiola hipoteken gaineko zergak ordaintzea.