Hiru euskal garraiolarien sindikatuak 25.000 euroko isuna jaso du EAEko Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuaren aldetik. Honek urraketa larria egitea egotzia zion sindikatuari, ustez tarifak %5 igotzeko gomendio kolektiboa egiteagatik. Hiruko kideek ohartarazi zuten isuna gogorra bazen, sindikatua itxi egin beharko zutela.
Protesta gizarteratzeko asmoz, Patxi Agirre, Mikel Etxebarria eta Miguel Angel Lekue garraiolari sindikatuko arduradunek gose grebari ekin zioten otsailaren 23an; zortzi egunez egon ziren barauan eta "helburuak beteta" laga zuten.
Auzia orain dela urtebete pasa hasi zen. Gasolioaren, inflazioaren edo Euriborraren igoeraren ondorioz garraiolari autonomoen bideragarritasuna arriskuan zegoela salatzeko agerraldia egin zuten Hiruko bi kidek Gasteizen, 2008ko urtarrilaren 21ean. Egoerari aurre egiteko, garraioaren truke ordain duina eskatu zuten eta, hori lortzeko, tarifak "gutxienez %5 igotzea" beharrezkoa izango zela aldarrikatu zuten. Lehia Zerbitzuaren irudiko, adierazpen horiek prezio jakin batzuk ezartzeko gomendio kolektiboa dira eta, ondorioz, legeak debekatutako ekintza. Hiruren ekintza "larria" dela ondorioztatu du, eta 500.000 euro eta hamar milioi euro bitarteko isuna jartzeko eskatu zion auzitegiari.
Harrezkero, baina, parteen artean elkarrizketak eduki zituzten, eta isuna 25.000 eurokoa izan da. Zigorra "hitzartutakoa" izan da, Lehia Zerbitzuak esan duenez.
EkoNOMIA
Hiru sindikatuari 25.000 euroko isuna jarri diote, tarifak igotzeko gomendio kolektiboa egiteagatik
EAEko Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak ipini dio zigor "hitzartua". Garraiolari sindikatuak ohartarazia zuen isuna gogorra bazen -hasieran 500.000 euro eta hamar milioi artekoa eskatu zuten-, itxi egin beharko zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu