Zergak

Hiru urtetik beherako haur bakoitzagatik 100 euroko kenkaria ezarriko dute Nafarroan

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako lege proiektuaren arabera, 2023tik aurrera etxebizitza kenkari guztiak kenduko dituzte.

Maria Solana Gobernuko eleduna eta Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria gaur. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2017ko azaroaren 8a
17:37
Entzun

Bi urtean 28 milioi euro gehiago biltzea espero du Nafarroako Gobernuak: bederatzi milioi 2018an, eta beste 19 milioi 2019an. Dena den, Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak zehaztu du zerga neurri berrien helburu nagusia ez dela bilketa handitzea. "Zerga sistemaren berdintasun eta progresibotasunean aurrera egin nahi dugu, zerga presioa modu nabarmenean igo gabe".

Gaur goizeko gobernu kontseiluaren ostean lege proiektuaren xehetasunen berri eman du Aranburuk. Neurri nagusien artean dago etxebizitza kenkari guztiak kendu egingo dituztela 2023tik aurrera. Bost urteko epea emango diote zergadunari aldaketara egokitzeko. Aranburuk agerraldian aipatu du ez dela atzerako eraginik egongo eta horrek nahasmen handia sortu du. Haatik, ez dago atzerako eraginik: 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera ez da kenkaririk egongo eta berdin dio zergadunak noiz erosi duen etxea.

Ogasun kontseilariaren arabera, proposamena Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin hitzartu dute. "Batzuek gutxiegi dela iritziko diote, eta beste batzuek gehiegi dela, baina meritu nagusia da bakoitzak amore eman duela eta ados jarri direla",  nabarmendu du. Dena den, parlamentuko tramitazioan aldaketa gehiago etor daitezkeela onartu du.

Lege proiektuak hainbat zerga ukituko ditu. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, hiru urte azpiko haur bakoitzagatik 100 euroko kenkaria ezarriko da, baldin eta familiako zergadunen errenta gehienez 30.000 eurokoa bada aitortza berezietan, eta 60.000 eurokoa aitortza bateratuetan. Gainera, aurrezkiaren gaineko tasa %1 igoko da egungo zerga tarte bakoitzean.

Beste aldaketetako bat etxebizitza erosketaren kenkariari dagokio. Trantsizio epe bat irekiko da 2022ko abenduaren 31ra arte, eta kenkaria kendu egingo da. "Alokairua sustatu nahi da. Kenkariok oso kritikatuak izan dira azkenean eraikitzaileen eta etxe sustatzaileen aldekoa izan delako". Dena den, Aranburuk zehaztu du neurriak ez duela atzerako eraginik. 2017ko abendura arte zerga kenkarirako eskubidea izan dutenek (ñabardura guztiekin) eskubide berari eutsiko diote, hura eskuratu zuteneko baldintza berean.

Emakumeen kontratazioa bultzatu

Sozietate zergari dagokionez, enplegua sortzen duten enpresei kenkariak berrituko zaizkie, eta emakumeen kontratazioa bultzatuko da. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino 2,5 bider soldata handiagoko kontratu mugagabea izenpetzen duten enpresek honako kenkaria hau jasoko dute: 5.000 eurokoa langilea emakumea bada, eta 2.500 eurokoa gizonezkoa bada.

Era berean, enpresaren tamainaren arabera, gutxieneko zerga tasak ezarriko dira. Enpresa txikiei egungo %13ko tasa ezarriko zaie, baina ertainei %16ra igoko zaie, eta handiei %18ra.

Ondare eskualdeetzeen zergan, egun herentziagatik %0,8 ordaintzen da. 2018tik aurrera, 250.000 euro azpiko herentziek ez dute zerga ordaindu beharko, eta, hortik aurrera, herentziaren kopuruaren arabera, portzentajea handituko da %16era arte. Aranbururen arabera, modu horretan hamar herentziatik bederatzi zerga ordaindu gabe geratuko dira. Donazioetan, berriz, %0,8ko tasa mantentzen da, baina 250.000 eurotik aurrera progresiboki igoko da, %8ra arte.

Azkenik, iruzurraren aurka neurri berriak ezarriko dira. Isun larrietan zigorra atzemandako kuotaren %90ekoa izango da —egun, %75ekoa da—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.