Azpiegiturak

Hiruk Gipuzkoako Aldundia salatu du, garraiolariei «legez kanpo» kobratutakoa eskatzeko

Sindikatuak azpimarratu duenez, N-1 eta A-15eko bidesariek ez dute «berme juridikorik». Diputazioak erabakiari eutsiko dio, Europaren «babesa» duelako.

Hiru sindikatuko ordezkariak, asteazken honetan, Donostiako epaitegian. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 2a
17:58
Entzun

Kamioilariek auzitara jotzea erabaki dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak «legez kanpo» kobratutakoa itzul diezaien eskatzeko. Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak salaketa jarri du aldundiaren eta lurraldeko errepide azpiegituren kudeatzaile den Bidegi agentziaren aurka, N-1ean eta A-15ean kamioientzako bidesariak oraindik hor daudelako, epaitegiek orain arte kaleratu dituzten ebazpenei muzin eginez. Hiruk salatu du aldundiak ez duela «berme juridikorik» hori egiteko. 

Sindikatuek agintarien «arduragabekeria» kritikatu dute, eta ohartarazi erabaki horrek «kostu handia» eragingo diela gipuzkoarrei, epaileek, azkenean, arrazoia ematen badiote. «2018an hasi zen zentzugabekeriaren ondorioak guztiok ordaintzen ditugu: arkuak jartzeko inbertsioak, ordainketa irregularren itzulketak, balizko isunak... gipuzkoar guztien poltsikotik aterako dira. Diru publikoarekin jolasten ari dira». Fenadismer Espainiako Garraio Elkarteen Federazioaren arabera, garraiolariei itzuli beharrekoa hamabost milioi euro inguru izango litzateke.

Duela hiru urte jarri zituzten bidesariak errepide horietan. Orain arteko ebazpenek ez dute zehazten aldundiak kobratutako dirua itzuli behar ote duen ala ez, baina Hiruko eledun Alberto Nuñezen ustez «argi» dago baietz. Oraingo auzibidearekin sindikatuak nahi du epaitegiak esatea legezkoak ala legez kanpokoak izan diren, horretan oinarrituta, gero, erreklamazioak jartzeko. 

Nuñezek azaldu duenez, «behartuta» egin behar izan dute urratsa. Dirua ofizioz itzultzeko eskatu zioten aldundiari, baina haren ukoa dela-eta auzitara jo dute. «Erreklamazioek beren bidea egingo dute, eta, jakina, ordainketei aurre egin beharko die aldundiak. Automatikoki kobratzen diren bidesariak ere automatikoki itzultzeko eskatzen dugu». 

Sistema berria

Hiruko kideak gogoratu duenez, EAEko Justizia Auzitegiak aurrena eta Espainiako Auzitegi Gorenak ondoren, bi alditan esan diote aldundiari legez kanpokoak direla bidesariak, baina bereari eutsita erantzun dio diputazioak, Europako legedia alde duela sinetsita, eta hirugarren foru arau bat ere prestatzen ari da. 

Lehen bi arauetako epaiek nabarmendu dute orain arteko bidesariek kanpoko garraiolariei kalte egiten dietela, bi bide horietako zati batzuetan ez dagoelako ordaintzeko arkurik. Zeharkako diskriminazio hori konpontzeko, modu bakarra aurkitu du aldundiak: bide guztia kobratzea. 

Hala, gaur egun dauden hiru arkuei —Etzegarate, Andoain eta Astigarraga—, beste batzuk gehituko dizkio. Noiz, non eta zenbat izango diren ez du argitu oraindik, baina «aurki» izango dela adierazi du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. Hiru sindikatuarentzat, erabaki hori ere «erabat diskriminatzailea» da, eta ez preseski ordainpeko arkupeak bi errepide horien sarrera eta irteeretan daudelako, baizik eta kamioilariak ez diren gainerako erabiltzaileak ordainketatik kanpo uzten dituztelako.

Horrez gain. Markel Olanoren gobernuak ez du amore eman epaitegiekin duen gatazkan, eta jakinarazi du helegitea jarri duela Gorenaren azken erabakiarekin aurka. Oiarbidek adierazi duenez, epaitegiak ez du aintzat hartu EBren araudiak gai horri buruz esaten duena. Uste du EBko Justizia Auzitegian auzi prejudizial bat aurkeztu behar zuela Gorenak, gai horri buruzko erabakia hartu aurretik, Oiarbideren iritzian, Europako zuzentarau baten transposizio bat delako aldundiarena. 

Kargaren jabea

Foru diputatuak adierazi duenez, «sententzia bakar batek ere ez du zalantzan jartzen» aldundiak bidesariak jartzeko duen eskubidea, eta gogoratu du Batzar Nagusien «mandatu demokratiko bati» erantzuten diola neurriak. Aldundiaren arabera, aurrekontuekin ez da nahikoa lurraldeko errepideak behar bezala artatzeko eta hobekuntzak egiteko, eta beste finantzaketa iturri batzuk bermatu behar dira. Beste aukera bat ere bazuen: zerga berri bat ezartzea gaitasun handiko errepideak konpontzeko, baina, azkenean, baztertu egin zuen ideia hori, erabiltzen duenak ordaintzearen aldeko tesira helduz. 

Horri buruz, halere, Oiarbidek azpimarratu du bidesariena ez dela kamioilariei jartzen zaien zerga bat, kamioiari baizik, kamioiaren karga erosten duenari. «Taxi bat erabiltzen denean bezala: bidaiaz gain, bidesaria ordaintzen da». 

Oso bestelako iritzia daukate garraiolariek. Hiruko Nuñezek gogoratu du bide azpiegiturak «ondasun publiko» bat direla, «denok ordaintzen ditugun zergen bidez finantzatzen direnak, guztiok garelako horien erabiltzaile». Halaber, errepide bidezko salgaien garraioa «zerbitzu publiko» bat dela azpimarratu du, eta kamioiei soilik bidesariak jarrita katebegi «ahulenari» egiten zaiola kalte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.