Hitz hanpatuekin esaten dute mundu osoko agintariek zerga iruzurraren aurka borroka egin nahi dutela. Baina iruzur horren aurka benetan egitea baino gehiago, beren herrialdeetako finantza sistemak babestea izan dute benetako lehentasuna haietako askok. Aitortu ezin dituzten beste helburu batzuk ere ahaztu gabe, atzerrian dirua ezkutatzen duen elite ekonomiko-politikoa babestea, esaterako.
Hipokrisiak goia jo du Europako Batasunean: urteak daramatza Suitzaren eta beste zerga paradisuen aurkako mezuak jaurtitzen, baina aldi berean onartu ditu bere mugen barruan zerga ihesa errazten duten herrialdeak —Luxenburgoeta Austria nagusiki—, edo zerrenda beltz guztietan ageri diren menpeko lurraldeak —Erresuma Batuaren eta Herbehereen Karibeko uharteak, Mantxako uharteak...—.
Baina krisi ekonomikoak kontraesan horren mingostasuna are nabariago utzi du. Europako Batasunaren beraren datuen arabera, urtero bilioi bat eurok ihes egiten diete ogasunei. Hau da, 2.000 euro herritar bakoitzeko, edo Espainiaren urtebeteko barne produktu gordina. Dirutza horren zati bat berreskuratu ahal izatea laguntza handia izango litzateke EBko estatuen kutxa hustuentzat, eta hitzetatik ekintzetara egiteko pizgarria bilakatu da EBko gobernuentzat. Horren ondorioz, astelehenean Aurrezkien Zerga Sistemaren Zuzentaraua onartu zuten EBko 28 gobernuek. Haren arabera, 2017tik aurrera EBko kideak behartuta egongo dira beren bankuetako kontuei buruzko informazio batzuk automatikoki partekatzeko. «Lorpen handia da, eta aurrerako urrats handia zerga ihesaren aurka», laburtu zuen Algirdas Semeta EBren Zerga Sistemako komisarioak.
Bankuen 'lobby'-a, kezkatuta
Antzeko hitzak beste askotan entzun direnez, esperientziak erakusten du urte batzuek igaro beharko dutela lorpena hain historikoa izan ote den jakiteko. Baina, edonola ere, badira azkeneanneurri eraginkor bat hartu izana erakuts dezaketen pare bat zantzu. Bata da azkenean EBk lortu duela zerga sekretuen azken bi gotorlekuak haustea. Ostiralean, sei urteko norgehiagokaren ondoren, amore eman zuten Austriak eta Luxenburgok, eta beren finantza erakundeetako kontuen gaineko sekretua kendu zuten.
Beste zantzua, berriz, eragin duten kritikek osatzen dute. Kontuei buruzko informazioa gordetzea, dirua ezkutatu nahi duenari ez ezik, ezkutatuta etekin bat ateratzen dionari interesatzen zaio; bankuei, alegia. Ez du astia galdu bankuen patronalak bere kexa adierazteko. FEB Europako Bankuen Federazioaren arabera, EBk onartu duena ez dator bat OCDEk mundu osorako finkatu dituen irizpideekin, eta indarrean jarriko balitz, «kostu gehigarriak» ekarriko dizkie bankuen bezeroei, eta bankuen beraien negozioa «hondatuko» luke. «Europako bankuek zerga ihesaren aurkako borroka erabat sostengatzen dute, […]baina funtsezkoa da sistema bakarrean oinarritzea, ogasunak eta bankuak inbertitzen ari direlako irizpide berriak betetzeko sistemetan», ziurtatu du Guido Ravoet FEBeko presidenteak agiri baten bidez.
Argudio horiek gutxietsi dituTax Justice Networkek. Banku sekretuen aurka borrokatzen den talde horren iritziz, EBren arauak bete egiten ditu OCDErenak zituen zenbait zulo, batez ere gizabanakoei dagozkien kontuei ez ezik, fundazioei edo dirua ezkutatzeko sortzen diren beste trikimailuei ere eragiten dielako. Gainera, zerga ihesaren aurka borroka egitea gobernuentzat ez ezik enpresentzat ere ona dela nabarmendu du Tax Justice Networkek, ihesa konpentsatzeko igotzen diren zergak jaistea ekar dezakeelako.
Suitza, urtea amaitzerako
Edonola ere, Tax Justice Networkek zuhur hartu du zuzentaraua, eta gogorarazi du aurreko saioak hutsean geratu direla Austriaren, Luxenburgoren eta Suitzaren «sabotajeak» direla eta. Orain, elkarlanaren doinua entzuten da Xavier Bettel Luxenburgoren lehen ministroaren ahotik. «Luxenburgoko finantza sektorea aldaketarako prest dago», esan du, EBri eskatzen zizkion bermeak lortu dituelako. Azken finean, dukerriak eta Austriak nahi zuten isilpeko banku sistema baliatzen duten Europa mendebaldeko beste herrialdeak ere gardentasunaren jokoan sartzea. Lortuko duela ziurtatu du Semetak, eta urtea amaitu baino lehen informazioa partekatzeko akordioak izenpetuko dituztela Suitza, Andorra, San Marino, Monako eta Liechtensteinekin. «Suitzak eta beste lau herrialdeek orain onartzen dute informazio truke automatikoa EBrekin duten harremanen erdigunean dagoela. Hori pentsaezina izango zen duela urtebete, eta horrek erakusten du pentsamoldeak nola aldatu diren globalki». Hitz politak berriro ere; emaitzen zain geratu beharko.
Zerga ihesa
Hitz politez harago joateko lehen saioa
Austriak eta Luxenburgok sei urtez ezarri dioten blokeoa gaindituta, bankuetako informazioa automatikoki trukatzeko zuzentaraua onartu du Europako Batasunak. Zerga ihesaren aurkako garaipentzat saldu du; emaitzek emango dute azken epaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu