HOBETUZ . Enpresa barruko trebakuntza ikastaroak onartu dituzte

Patronalak, CCOOk eta UGTk ez dute onartu ereduaren defentsaren aldeko deialdia, baina bai, ordea, Eusko Jaurlaritzak

Iker Aranburu.
DONOSTIA
2003ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Hobetuz patronatuak urtebetez luzatu ditu enpresen barruan langileei prestakuntza emateko 2002. urteko deialdiak. Horren ondorioz, ia 3.000 enpresatako 60.000 langilek trebakuntza ikastaroak izango dituzte datozen hilabeteotan. Gainera, aurtengo urtarrilaren 1etik indarrean dauden planek laguntzak jaso ahal izango dituzte orain.

Lantegitik kanpoko trebakuntzari buruzko akordiorik ez zuten lortu Hobetuz-eko kideek. Confebaskek, eta UGT eta CCOO sindikatuek iazko deialdia beste urtebetez luzatu nahi zuten, baina ELAk eta LABek ezezkoa eman zuten, beren iritziz, deialdi horiek hobetzeko asko dutelako. Josu Bilbao LABeko ordezkariak Berriari azaldu zionez, enpresek eta beste sindikatuek etekin handiak ateratzen dituzte 2,5 milioi euro inguru 2002an, trebakuntza ikastaro horiek kudeatzen baitituzte sortu dituzten akademien bitartez.

UGTko Felipe Garciak, berriz, «langileen eskubideei jaramonik ez egitea» leporatu zien sindikatu abertzaleei. «Lantegi txikietako langile asko prestakuntza etengabetik at geratuko dira», gaineratu zuen. Hilaren 17an beste bilera bat egingo du Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak, baina ez da espero akordioa lortzea.

Ereduaz akordiorik ez

Adostasunik ez dute lortu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen lanbide arteko akordioaren aldeko deklarazioaren inguruan. ELAk eta LABek proposatu zuten, eredua arriskuan baitago Espainiako Gobernuak langileen trebakuntza eredua aldatu ondotik. Izan ere, Madrilgo gobernuak erabaki du datorren urtetik aurrera langileen trebakuntzarako laguntzak Gizarte Segurantzarako kotizazio murrizketa bidez ordaintzea. Espainiako patronalak CEOE eta hango CCOOk eta UGTk, begi onez ikusi dute erabakia, nahiz eta beraien EAEko adarrek esan Hobetuz-en ereduaren alde daudela.

Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen ELAren eta LABen dekla-razioarekin; ez, ordea, patronalak eta beste sindikatuek. Juan Cruz Lopez ELAko ordezkariak Berriari esandakoaren arabera, Confebaskek argudiatu zuen «barne organoetan» eztabaidatu behar zuela deklarazioa. Lopezek, ordea, iritzi dio patronalak ez duela konpromisorik nahi.

Jaurlaritzaren erabakia gogor kritikatu zuen UGTk, baina begi onez hartu dute ELAk eta LABek. Sindikatu abertzaleek «onartutakoa betetzeko» exijitu diote Jaurlaritzari, «Madrilen gertatzen denari erreparatu gabe».Deklarazioaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek eta enpresek hilero ordaintzen dituzten prestakuntza kuotak hiru lurraldeetan gastatu behar dira, Hobetuz-ek kudeatzen dituen planen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.