Hornikuntza kateak eten ditzakeela iradoki dio Txinak Mendebaldeari

Protekzionismoa handituta hornikuntza kateen zatiketa handitzen dela esan du Txinako lehen ministrordeak. Pekinek esportazio kontrolak ezarri dizkie lur arraroetan aritzen diren AEBetako bi konpainiari.

Ding Xuexiang, Txinako lehen ministrordea, artxiboko irudi batean. JESSICA LEE / EFE
Ding Xuexiang, Txinako lehen ministrordea, artxiboko irudi batean. JESSICA LEE / EFE
Irune Lasa.
2026ko ekainaren 22a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txinarekiko merkataritza tentsioak hor jarraitzen du, eta herrialde hura gaur bertan hasi da erantzuten joan den astean G7an eta Europar Kontseiluan izandako mugimenduei. Ohi duen hizkera neurtuarekin, EBri eta AEBei ohartarazi die neurri protekzionistak hartzen badituzte berak ere neurriak har ditzakeela eta hornidura kateetan esku hartu.

Txinaren bazkide komertzial nagusiak gero eta kezkatuago daude Asiako erraldoiarekin. Batetik, AEBak, Europako Batasuna, Japonia eta beste herrialde handiak arduratuta daude Txinan ekoizten diren lur arraro eta mineral kritiko guztiekiko duten mendekotasun handiarekin. Eta, bestetik, guztiak kezkatuta daude Txinaren esportazio gero eta handiagoek eragindako merkataritza desorekekin ere, euren herrialdeetan hainbat industria estrategiko galdu daitezkeela ikusita. Diagnostikoan ados, neurriak hartzeko elkarrizketetan dabiltza bai G7 taldean, bai Europako Batasunean ere.

«Aldebakartasuna eta protekzionismoa gorantz doa, eta hornikuntza kate globala zatikatzeko arriskua ere bai»

DING XUEXIANGTxinako lehen ministrordea

Baina Txinak badu modua elkarrizketa, adierazpen eta mugimendu horiei erantzuteko. Bide horretan, gaur goizean Pekinen egindako adierazpen batzuetan, Ding Xuexiang Txinako lehen ministrordeak hornikuntza kateak izan ditu hizpide: «Aldebakartasuna eta protekzionismoa gorantz doaz, eta hornikuntza kate globala zatikatzeko arriskua ere bai».

Ekintzaz ere bai

Adierazpenak egiteaz gainera, ekin ere egin dio Txinak, sinbolikoki bada ere: lur arraroen arloan aritzen diren AEBetako bi konpainiari —USA Rare Earth eta MP Materials— esportazio kontrolak ezarri dizkie gaur bertan, «segurtasun eta interes nazionalak babesteko».

Kontrol horien pean, enpresa horiek ezin dituzte erosi helburu komertzialerako eta militarretarako erabil daitezkeen salgaiak, eta haiei halakoak saltzea debekatzen da. Dena den, bi konpainien arabera, Txinako hornikuntza gehienak etenda dauzkate dagoeneko.

Berez, Pentagonoaren beste zerrenda batean egindako moldaketen ostean dator Pekinen mugimendu hori. AEBek zerrenda beltz moduko batean sartu zituzten Txinako zenbait enpresa handi, Txinako armadarentzat lan egiteagatik.

Egon da, hala ere, lur arraroen inguruan Txinaren haserrea piztu duen beste kontu bat: joan den asteazkenean, Evian-les-Bainesen (Frantzia) egindako bilkuran, G7ko herrialdeek adostu zuten 2030. urterako beren lur arraroen eta imanen inportazioen %60 baino gehiago ezingo direla herrialde bakarretik etorri. Aurrerago menpekotasun hori %50era murriztea ere jarri zuten helburu. Zuzenean aipatu ez bazuten ere, argi dago Txinaz ari zirela.

%60

 

Imanetarako lur arraroen ekoizpen globalaren zer zati duen Txinak Smartphoneak, ibilgailu elektrikoak eta misilak egiteko, funtsezkoak dira iman iraunkorrak. IEAren arabera, iman horietan erabiltzen diren lur arraroen produkzio globalaren %60 Txinan egiten da gaur egun. Txinaren eskuetan dago material horien finketaren %90, eta iman iraunkorren ekoizpen globalaren %95.

Mehatxua

«Merkataritza desoreka globalean» duen erantzukizuna eta «gehiegizko ekoizpen ahalmena» leporatzen dizkioten bakoitzean, Txinak hornikuntza kateak aipatzen ditu, gaur Dingek egin duen bezala hain zuzen, Europar Kontseiluak ostegun gauean gai horren inguruko neurriak prestatuz joatea erabaki ostean.

Dingek esan du okerrak direla Txinaren estatu laguntza bidegabeei eta merkataritza desorekei buruz egiten diren kritikak, eta Txinaren lehiakortasuna haren industria kate osoen eta herrialdea bera merkatu handia izatearen ondorio direla.

Hori bai, bitartean, nahiz eta EBren eta Txinaren arteko elkarrizketak oraindik zabalik egon, tentsioa ez da baretu bi blokeen artean, eta Txina bere burua prestatzen hasia da: apirilean, tresna berri bat ezarri zuen bere «hornikuntza kateen segurtasuna bermatzeko».

Tresna horrek, hain zuzen, Txinako agintariei aukera ematen die ikerketak zabaltzeko kate horiei «debeku diskriminatzaileekin» kalte egiten dieten herrialdeen eta nazioarteko erakundeen gainean, eta, ikerketa horien arabera, ondasunen, teknologien eta zerbitzuen inportazio eta esportazioak debekatu daitezke, baita tasa bereziak kobratu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA