Turismoa

Hotelek iazko bezeroen erdiak izan dituzte uztailean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 109 hotel itxita egon dira. Landetxeetan, berriz, %31,7 txikitu da gaualdien kopurua.

Donostiako Maria Cristina hotela, konfinamendu garaian. ANDONI CANELLADA, FOKU
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 20a
11:45
Entzun

Uda txarra espero zuten hotelek, eta uda txarra izaten ari dira; Hego Euskal Herrian bederen, Ipar Euskal Herrian Frantziako turisten etorrerak bezero andana ekarri baitie. Baina frantziar gutxi —eta are alemaniar, britainiar eta estatubatuar gutxiago— izan dira Bidasoaren bestaldeko hoteletan, eta horrek hondoratu egin ditu gaualdiak.

Eustatek gaur emandako datuen arabera, uztailean 179.843 bezero izan dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelek, iaz baino %45,2 gutxiago. Gainera, bezero horiek egun gutxiago igaro dituzte establezimenduetan —batez beste 2,11 gau igaro zituzten iazko uztailean, eta 1,89 aurtengoan—. Ondorioz, gaualdiak erdira jaitsi dira: 340.376  aurten, eta 692.414 iaz (-%50.8). 

Lurraldez lurralde, aldeak handiak dira. Okerren Bizkaiko hotelek izan dute, gaualdien %59,2 galdu dituztelako, batez ere Bilboren eraginez (-%62,9). Arrazoi nagusia Espainiatik kanpoko bidaiarien eskasia izan da, iaz iritsitako bost lagunetik bat bakarrik etorri baita.

Gipuzkoan, berriz, erorikoa ez da hain handia izan (-%42), Donostiak hobeto eutsi diolako (-%39,7) eta, batez ere, bezero espainiar, katalan eta galiziar askori eutsi dietelako: iaz baino %5,9 gutxiago izan dira soilik, eta gaualdiak -%17,6 txikitu dituzte.

Araban %51,3 jaitsi dira gaualdiak, baina lurralde horretan du turismoak pisu gutxien.

Ia bost hoteletik bat, itxita

Gaualdiak erdira jaitsi izanak ez du esan nahi hotel guztiek bezeroen erdiak galdu dituztenik. Izan ere, hotel askok itxita jarraitu dute, ulertu baitute irekitzea ez zitzaiela errentagarria izango. Horrela, 46 hotel itxita egon dira Gipuzkoan, 43 Bizkaian, eta hogei Araban. Orotara, 109 (%18), iazko 33 hotel itxien aldean (%5). Gainera, iaztik hona bost establezimendu gehiago zenbatu ditu Eustatek (619).

Egia da, ordea, jarduerarik gabeko hotelak gutxituz joan direla azken hilabeteetan, zabaltzeko mugak arindu ahala: 563 izan ziren apirilean, 430 maiatzean, eta 246 ekainean.

Bezeroak erakartze aldera, hotelek beren tarifak txikitu dituzte. Batez beste, gau bakoitzeko 86 euro kobratu dituzte, iaz baino %22,4 gutxiago. Alde handiz, Gipuzkoako hotelak dira garestienak (103 euro); Bizkaian, 71 euro kobratu dituzte, eta Araban, 68 euro. 

Landetxeetan, eroriko txikiagoa

Landetxeek ere bezeroak galdu dituzte, baina ez hainbeste. Eustaten arabera, 14.054 bezero izan zituzten uztailean (-%34,5), eta 44.051 gaualdi egin zituzten (-%31,7). Batez besteko egonaldiak hiru egunekoak ziren, eta 3,13koak dira orain.

Bezeroen erdiek baino gehiagok Gipuzkoako landetxeak aukeratu dituzte, eta han jaitsi dira gutxien bezeroak (-%29,1). Bizkaian, berriz, %45,8 urritu dira. 

Hotel askok bezala, landetxe ugarik ere uztailean ez irekitzea erabaki dute. Zehazki, 431 establezimenduetatik 80 itxita egon dira hilabete osoan zehar (%18,2).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.