KONTU PUBLIKOAK

Ia mila milioiko zorra pilatu dute Hegoaldeko erakundeek

Urteko bigarren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak BPGren %12,8ko zorra zuen eta %17,9koa Nafarroak.

Iker Aranburu.
2013ko irailaren 13a
12:48
Entzun

Espainiako Bankuak gaur goizean kaleratutako datuen arabera, Hego Euskal Herriko instituzio nagusiek 945 milioi eurotan handitu dute beren zorra urteko bigarren hiruhilekoan. Handitzea batik bat Eusko Jaurlaritzaren eskutik etorri da. Ekainaren 30ean 8.279 milioi euroren zorra zuen, hiru hilabete lehenago baino 577 milioi gehiago. Honez gero, Jaurlaritzaren zorra EAEko barne produktu gordinaren %12,8ra iritsi da, aurrekoan hiruhilekoan baino 0,9 puntu gehiago. Krisiaren lehen urtearen amaieran, BPGren %1,5 baizik ez zuen.

Nafarroaren kasuan bilakaera oso antzekoa da. Espainiako Bankuaren datuek diote 3.230 milioi euro zor dituela, BPGren %17,9. Zorrak zortzi hamarren egin du jauzi hiruhileko bakarrean 205 milioi euroren zorpetzeari esker. 2008aren amaieran %4,8ko zorra zuen foru erkidegoak. Zor horri gehitu behar zaio enpresa publikoena; kasu honetan, jaitsi egin da, 60 milioitik 54ra. Eusko Jaurlaritzaren menpeko enpresena, berriz, berdin mantendu da, 104 milioi eurotan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek ere 254 milioi eurotan zorpetu dira, eta 2.463  milioi euroren zor bizia zuten urteko bigarren hiruhilekoan. Kasu honetan ere, mende honetako zorrik handiena da. Zorraren zatirik handiena Hego Euskal Herriko eta Espainiako finantza erakundeekin dute aldundiek (1.974 milioi) eta 379 milioi, berriz, hortik kanpoko bankuekin. Gobernu autonomikoen zorra, berriz,  banatuago dago. Nafarroak 1.430 milioi zor dizkie bankuei eta 1.799 milioi beste erakundeei; Jaurlaritzak, 4.636 milioi bankuei eta 3.643 milioi beste inbertsiogile edo erakundeei.  Kasu batean zein bestean, epe luzeko zorra da gehientsuena.

Espainiako Bankuak gehiegizko defizitaren prozeduraren irizpideen arabera neurtzen du zorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.