Enplegua erregulatzeko dosierrek geroz eta eragin txikiagoa dute Hego Euskal Herrian. Iazko urrian 77.357 langileri eragiten zieten; aurtengoan, 29.860ri. Beraz, urtebetean %60 murriztu da lana erregulatzeko neurrien eraginpean dauden beharginen kopurua.
Baina, oraindik ere, dosier berriak aurkezten dituzte enpresek, eta, alde horretatik, ezin esan urria hilabete ona izan denik. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak 156 lan erregulazio baimendu dituzte, aurkeztutakoen %95 baino gehiago, eta 2.717 langileri eragingo diete erregulazio horiek. Iazko urrian baino %32 dosier gutxiago baimendu dituzte aurtengoan, baina uztailean abiatutako beheranzko joera hautsi egin da.
Eusko Jaurlaritzak 131 erregulazio onartu ditu urrian, horietatik hamazazpi kontratuak haustekoak. Ondorioz, 376 langile geratu dira lanik gabe, baina 127 berehala hasi dira beste enpresa batzuetan lanean, Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak nabarmendu duenez. Kaleratutako gehienak bi enpresatako langileak ziren, ehundik gora langile kaleratu dituelako haietako bakoitzak. Aurtengo hamar hilabeteak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak urrian onartu ditu kontratuak hausteko espediente gehien.
Erregulazioak aurkeztu dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar enpresatatik zazpik ekoizpenean izandako jaitsiera aipatu dute arrazoitzat; bik finantza arazoak; eta besteak konkurtso legera jo behar izan duela.
Nafarroako Gobernuak, berriz, kontratuak hausteko sei dosier onartu ditu, eta ondorioz, 130 langile geratu dira kalean. Beste hamasei kontratuak etetekoak izan dira, eta hiru, mistoak.
Iaz baino %60 gutxiagori eragiten diete erregulazioek
Urrian 156 erregulazio baimendu dituzte Hego Euskal Herriko bi administrazioek; 2.717 langileri eragin diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu