Jose Ramon Fernandez de Barrena. Uvesco taldeko zuzendari nagusia

«Iazko prezioen azpitik ari gara saltzen»

Bezeroak salneurriari gero eta gehiago begiratzen dion garaiotan, aurrerantzean ere saltokiak irekitzea beharrezkotzat jotzen du Fernandez de Barrenak, salmenta berriek ematen dutelako aukera prezioak jaisteko.

BERRIA.
Miren Garate.
Irun
2014ko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
600 milioi eurotik gorako fakturazioa, ia 200 saltoki eta 3.500 langiletik gora dituen enpresa zuzentzen du Jose Ramon Fernandez de Barrenak. Hemengo produktu gehiago eskaintzea finkatu du bere erronken artean Uvescok, BM eta Super Amara bere barnean hartzen dituen supermerkatu kateak. «Ematen du modan jarri direla produktu freskoak, baina guretzat ez da gauza berria, urteetan erabili izan dugu politika komertzial hori, eta ekoizleen konfiantza ere lortu dugu».

Iazko emaitzen berri ematean, nabarmendu zenuen, krisiak krisi, Uvesco hazten ari dela oraindik ere salmentetan eta enpleguan. Zertan asmatu duzuela esango zenuke?

Ontziratutako elikagaietan, drogerian eta perfumeetan aukera oso handia dugu, eta metro koadroko erreferentzia gehien dituen supermerkatua gara: 1.000 metro koadrotik gorako saltokietan 10.000 bat sartzen ditugu. Produktu freskoetan, hemengo produktuaren alde egiten dugu. Ez produktua hemengoa delako bakarrik, baizik eta normalean kalitate handiagoa eta berme gehiago duelako inportaziokoak edo kanpokoak baino.

Harategi, arrandegi eta fruitu dendako produktuen %30 hemengo ekoizleenak dira egun. Bost urtean %50 izateko helburua jarri duzue. Zein zailtasun ikusten dituzue horretarako?

Orain ere ez bagara iristen, ez da nahi ez dugulako, baizik ez dagoelako ekoizlerik. Ekoizle gehiago behar ditugu, gai direnak eta borondatea dutenak gu hornitzeko. Abelgorrietan, ez dago behar adina ekoizle guk eskatzen ditugun kalitate baldintzak eskaintzeko. Txahal emeekin bakarrik egiten dugu lan, kalitate handiagoko haragia ematen dutelako. Barazkietan ere supermerkatutik gertuko ekoizleak nahi izaten ditugu, hozkailuak-eta saihesteko. Denda batzuetan lortzen dugu, besteetan ez. Eta arrandegian, erreferentzia batzuk ez dira hemengo portuetan deskargatzen.

Badirudi produktu freskoen gerra moduko batean sartu zaretela supermerkatuok. Zer dela eta?

Ematen du modan jarri dela, baina guretzat ez da gauza berria, urteetan gabiltza horretan, eta ekoizleen konfiantza ere lortu dugu. Beste batzuek, bere garaian, beste politika komertzial baten alde egin zuten.

Produktu freskoak prezio garestiarekin lotu izan dira. Hala da? Zenbaterainoko eragina du prezioak salmentetan?

Zenbat eta kalitate handiagoa, orduan eta garestiago; hori horrela da gauza guztietan. Hortik aurrera, lortu behar da etxeko ekonomiarentzat eskuragarri izatea produktua; bestela, ez dizute erosiko. Prezioak gero eta eragin handiagoa du, baina badago bezeria bat asko baloratzen duena kontsumitzen duena. Egia da, halaber, norbere elikadurarako aurrekontuan ikusiz gero zenbat gastatzen duzun kalitatezko produktuekin eta zenbat kalitate txikiagokoekin, aldea ez dela hain handia.

Besteetan baino marka zuriko produktu zuri gutxiago daude zuen supermerkatuetan. Zergatik?

Gure DNAren parte da, kalitate gisa ulertzen dugu bezeroari aukera ematea. Horrek ez du esan nahi marka propiorik ez dugunik. Gero eta erreferentzia gehiago ditugu, 400 inguru, eta, urtea bukatzerako, milara gerturatuko gara.

Mercadona ere hasi da Hego Euskal Herrian saltokiak irekitzen. Kezkatzen zaituzte?

Kezkatzen gaitu, beste edozeinek 30 supermerkatu irekiko balitu kezkatuko gintuen moduan. Pastelaren tamaina den bezalakoa da, eta denoi egokituko zaigu gutxiago jatea. Lehia oso handia dago sektorean, baina gure egunerokoaren parte da hori.

Luze gabe, zein inbertsio dituzue pentsatuak?

Maila logistikoan, Irungo Bidaurre industrialdetik Arasokora pasatu dugu haragiaren logistika zentroa. Hori dela eta, Bidaurrekoplataforma egokituko dugu fruta eta arrainari begira. Castron egiten ari garen zentro logistikoa datorren urte erdialdera zabaltzea espero dugu. Hortik aparte, aurrerantzean ere haztea da gure bokazioa. Bost supermerkatu irekitzea espero dugu aurten.

Non jarraitu nahi duzue hazten?

Ideia da «olio orbana» egituraren barruan haztea. Hau da, logistikoki aukera izatea kamioiak arrazoizko denboran iristeko supermerkatura. Errioxan, lehen saltokia ireki genuen iaz; bada jarraituko dugun merkatu bat.

Ipar Euskal Herrian aritzeko asmorik ez duzue?

Logistikoki oso ondo etorriko litzaiguke, baina supermerkatuetako eskaintza oso ezberdina da. Eskaintza aldetik, Irungo supermerkatu batek eta Sevillako batek antz handiagoa dute, Irungo eta Hendaiako batek baino. Etiketetan eta ere aldaketak egin beharko genituzke.

Zergatik da garrantzitsua aurrerantzean ere saltokiak irekitzea?

Saltokiak irekita lortzen dugun salmenten igoera erabiltzen dugu prezioak jaisteko. Urteotan prezioak gehien merkatu dituzten katea gara. Ekoizleen marketan, konparagarriak diren horietan,lehiakideak bezain merkeak edo merkeagoak izan behar dugu.

Hiru urte dira Erkoreka erosi zenutenetik. Zein balorazio egiten duzue?

Oso ona. Apustu handia izan zen, 400 milioi euro inguruko fakturazioan genbiltzan, eta beste ehun gehitu genituen. 800 langile ere hartu genituen, baina ziur geunden egiten ari ginenaz. Gai izan ginen hasieratik salmentei buelta emateko.

Esan izan duzu edonork ez duela balio supermerkatu batean lan egiteko.

Kalitateaz ari garenean, zerbitzuaren kalitateaz ere ari gara. Nahi dugu profesional onek ematea arreta sekzioetan, eta, horretarako, beharrezkoak dira prestakuntza, gaitasun eta jarrera egokiak. Asko inbertitzen dugu urtero prestakuntza iraunkorrean. Orain, kutxako langile guztiei eta arduradun guztiei eman nahi diegu prestakuntza, alegia, 2.500 langileri baino gehiagori. Bideoen bidez erakutsiko diegu zein diren jokaera egokiak.

Urte erdia pasatu da jada; nolakoa ari da izaten 2014a?

Korapilatsua. 2013. urtea gogorra izan zen, 2012ko irailean izandako BEZaren igoeraren eraginak 2013ko abuztura arte iraun zuelako. Uste genuen 2013ko bukaera aldean eta aurtengo hasiera aldean hobekuntza zantzuak igarriko genituela, baina ez. Kontsumo aldetik, egoera lau batean gaude; ez da erortzen, baina gehitu ere ez. Eta deflazioan gaude; iazko prezioen azpitik saltzen ari gara. Prezioak jaisten badira baina kontsumoa ez bada suspertzen, korapilatu egiten baita egoera.

Krisiak nola aldatu du kontsumitzailea?

Arrazionalago bihurtu da, gehiago begiratzen dio erosten duenari. Lehen, egun askotarako erosteko joera zegoen, eta produktu batzuk iraungi egiten ziren edo ez ziren kontsumitzen. Orain, jendeak nahiago du gertuko saltokira joan eta egunekoa erostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.