Iberdrolak helegite bat aurkeztu du, argindarra ez garestitzeagatik

Tarifa defizitak aurreikuspenak gainditu dituela eta kopuru hori prezioan aintzat hartu behar dela uste du

Erredakzioa
Donostia
2010eko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Gobernuak eta PPk uztailean argindarraren prezioa izoztea erabaki zuten, sistema elektrikoak bere gain hartzen dituen kostuak berraztertu bitartean. Eta argindar konpainiak haserre daude. Espainiako Gobernuak eta PPk hilabete honetarako iragarri dute energiari buruzko estatu akordioa, baina Iberdrolak ez du itxaron nahi, eta bere haserrea epaitegietara bideratu du: prezioak izozteko aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean. Gas Natural, Fenosa, E.ON eta HC Energia ere bide hori aztertzen ari dira. Normalean argindar konpainiek tarifen agindu guztiei helegiteak aurkezten dizkiete, uste dutelako ez dela nahikoa garestitzen.

Iberdrolaren iritziz, Espainiako Gobernuak ez du bete Argindar Sektorearen legearen 21. xedapen gehigarria. Horren arabera, tarifei buruzko aginduan aintzat hartu behar da defizitaren hazkundeak zenbatean gainditu dituen egindako aurreikuspenak. Iazko urteari dagokionez, 1.116 milioi eurotan gainditu da helburua, eta horietatik 390 milioi euro inguru dagozkio Iberdrolari.

Urte askoan, tarifa arautuak ez ditu ordaindu argindarra sortzeak eragiten dituen gastuak. Ondorioz, milaka milioiko zorra pilatu da, eta argindar konpainiek beren gain hartu behar izan dute. 20.000 milioi euro dira guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.