Aurrezki Kutxen Legea onartzeak estatutuak eta barne araudiak moldatzera behartu ditu BBK, Kutxa eta Vital Kutxa. Haien aginte organoetan aldaketak egin beharko dituzte, eta, besteak beste, kutxetako gobernu organoetan erakunde publikoek duten ordezkaritza murriztu egingo da. Estatutuen moldaketak onartu zituzten hirurek atzo, aparteko batzar batzuetan. Horrela, batzar orokorrak berritzeko hauteskunde prozesua abiatu dute.
Azarotik aurrera, ordea, moldaketa horiek ezerezean gera daitezke, Europako Batasunak Espainiako Gobernuari egin dion gomendioaren ondotik: aurrezki kutxek bankuen gaineko kontrola gal dezaten nahi du. Finantza erakundeei erreskaterako jarritako baldintzetako bat da, eta, hori betetzen bada, BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak ezingo dute gehiengorik izan Kutxabanken; beraz, akzioak talde pribatuei saldu beharko dizkiete.
Europaren asmo hori ez du begi onez hartu Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak, eta aurrezki kutxen inguruan zehaztutakoari kritika egin zion atzo, Bilbon: «Kutxen eredua desagerrarazi nahi dute. Uste dut kutxek, banku bateko akzioen jabe izan edo ez, gaur egun duten egiturari eutsi beharko lioketela». Haren ustetan, kutxak fundazio bihurtuko dira, eta ez dute eredu ezartzea «beste erremediorik izango». Fernandezek dio aurrezki kutxek bankuen gaineko kontrola galtzearekin kutxei euren ondasunak «bidegabe ebatsiko» dizkietela.
Hiru batzarretan, estatutuen aldaketa aurrera ateratzeko, beharrezkoa zen bi herenen babesa lortzea. BBKren batzarrean 90 ordezkari bildu ziren —ehun daude guztira—, eta horietako bik uko egin zioten bozkatzeari. Emaitza: aldeko 77 boto, eta kontrako 11. Batzarraren funtzionamentuaren inguruan ere hartu dute erabakirik: orain arte, urtean ohiko bi batzar egiten zituzten; aurrerantzean, urtean behin bakarrik bilduko dira. Kutxak egindako batzarrean, BBKrenean baino babes txikiagoa jaso zuen moldaketak: aldeko 62 boto, eta aurkako 22. Vital Kutxako ordezkariek ere baiezkoa eman zioten aldaketari: 66 alde eta 8 kontra. Hiru bozketetan, ezkerreko abertzaleak aurka agertu ziren, baita sindikatu abertzaleak ere.
Aldaketak banaketan
EAJren eta PPren aldeko botoekin eta PSE-EEren babes partzialarekin onartu zen Kutxen Legea Legebiltzarrean. Kontra bozkatu zuten Aralarrek, EAk, Ezker Anitzak eta UPDk. Lege berriaren arabera, kutxetako batzarretan %48 ezarleen ordezkariak izango dira; %17, erakunde sortzaileen ordezkariak —hiriburuetako udaletakoak eta diputazioetakoak—;%17, udalerrietakoak; % 7, langileenak; %6, batzar nagusietako ordezkariak; eta %6, kultura eta gizarte arloko erakundeen ordezkariak. Batzarren osaerari dagokionez, ehundik 80ra jaitsiko da batzarreko kideen kopurua.
Hiru kutxen batzarrak egin aurreko egunetan, pribatizazio hitza sarri entzun da hainbat alderdi politiko eta talderen ahotik. Atzo ere, batzarrak zirela eta, hainbat taldek protesta ugari egin zituzten, salatzeko Kutxabank «esku pribatuetan» utzi nahi dutela.
Astean zehar ere askotariko kritikak egin dituzte. Euskal Herria Bilduk dio hitzartutakoaren arabera hiru kutxen batzarrei dagokiela kapital pribatuari sarrera emateko erabakia, baina hori ez dela errespetatu. Banatuz Kutxako bezeroen plataformak ere pribatizatzeko asmoak gaitzetsi ditu. Plataformak «ezezko borobila» eman dio proposamenari, eta baiezkoa eman dutenei mintzatu zaie: «Oso larria den erabaki baten konplize» direla uste du. Ordezkaritza berri horrekin Kutxaren gizarte ekintza desagertu egingo dela iritzi diote, eta «onartezina» dela aurrezki kutxa «fundazio pribatu» bihurtzea.
Ibilbide motzeko egokitzapenak
BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak euren estatutuak Kutxen Legera moldatu dituzte, hiru batzarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu