Ibilgailu elektrikoak, ordu erdian kargatuta

Ibilen lehen kargatzaile arina inauguratu dute Gasteizko Salburua auzoan, eta gehiago izango dira aurki

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Auto elektrikoen erabilpena bultzatzeko urrats bat egin zuen atzo Ibil proiektuak ibilgailuak 30 minutuan kargatzeko lehen instaliazioarekin. Gasteizko Salburua auzoan jarri dute, Repsolen zerbitzugunearen albo batean. Energia konpainia espainiarra Eusko Jaurlaritzaren bazkidea da proiektu horretan. Nissanek ere parte hartu du, kargatzaileak hornituz.

Inaugurazio ekitaldian Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak nabarmendu zuenez, iragarri baino bi urte lehenago iritsi da lehen kargatzaile arina. Datozen hilabeteetan beste batzuk jarri behar dituzte, baina ez dute azaldu non eta zenbat jarriko dituzten. Batzuk Espainian izango dira, baina Ibilek Barakaldon duen egoitzan kontrolatuko dituzte kargatzaile denak.

Auto, furgoneta edo autobuselektriko guztiak kargatu ahal izango dituzte Salburuan, baina erraztasun handiagoak izango dituzte Nissan Leaf modeloaren jabeek, urtebetez doan izango baitute zerbitzua. Bakan batzuk baizik ez dira: Espainiako matrikula duten 36 baizik ez dira saldu urteko lehen sei hilabeteotan.

Auto elektriko gutxi

Sarea uste baino bizkorrago garatu duten arren, ez da berdin gertatzen ari ibilgailu elektrikoen hedatzearekin. Benetako salmentak aurreikusitakoak baino nabarmen txikiagoak izaten ari dira, dozenaka gutxi batzuk baizik ez. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 41.000 eta 43.000 ibilgailu elektriko izango dira 2020rako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kotxe horientzat 13.000 kargatzaile sortzea da Ibil proiektuaren asmoa.

Jaurlaritzak espero du kargatzaile arinen bidez eta horiek zabalduta bultzatuko dituztela herritarrak ibilgailu elektrikoak erostera. Gaur egun, ibilgailu horiek kargatzeko gau oso bat behar izatea da normalena.

Erregaia eta dirua aurrezteaz gain, Jaurlaritzak beste asmo bat ere badu Ibil proiektuarekin: ibilgailu elektrikoaren eta horren inguruko industria bultzatzea. Industria Sailak uste du Ibilen garapenean parte har dezaketen 400 enpresa badirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.