Grezia hondora doan ontzi batekin parekatu zuen atzo Giorgos Papandreuk. Ikuskizun dago ordea, Grezia edo eurogunea bera ez den izozmendi bat jo duen Titanic hori. Oraingoz, SOS bat iritsi da Bruselara, eta Atenaseko zuloa estaltzen saiatzeko ordua da. Bistan da Portugaldik edota Espainiatik ere ura sar daiteken susmoa egon badagoela. Baina, epe laburrean, txerritxo ehiztariek musika bandari jaramon egin zioten eta igoerak izan ziren Ibex-35eko (+%0,89) akzioetan, 2.475 milioiren salerosketa politarekin. Popular (+%1,19) izan zen bankuen buru baina, berez, Edurnezuri (+%1,76), Abengoa (+%3,22), Iberia (+%3,08) edo Tecnicas Reunidas (+%2,43) izan ziren txalotuago. 11.000 puntuen langaz azpitik dabil Ibex-35, eta giro nahasia da nagusi. Euroak sei egunez jarraian dolarrarekiko balioa galdu ostean, gorantz egin zuen atzo; horixe dute erreskateek. Estu edo itotzear denari lagunduta, hobekuntza nabarmena izan dezakeela egoerak.
Polaris World. Konkurso legea saihestu du Murtziako (Espainia) Polaris World eraikuntza enpresak. 100 milioiren zorra berregituratu du 700 langile enplegatzen dituen taldeak. Nagusiki, Espainiako kostaldean etxebizitzen eraikuntza sustatu du.
Bankinter. Gordailuen guda abian dela eta, Bankinterreko(-%1,08) kontseilari ordezkari Jaime Etxegoien argi mintzatu da: harakiri baten gisakoa da, ezin du luze iraun. Nafarroako Kutxak %4ko ordaina duen gordailua abiatu berri du.
Iceberg bat jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu