Muga meatokiaren bultzatzaile nagusiak, Ignacio Salazarrek, dimisioa eman du. Geoalcali enpresako kontseilari ordezkariak kargua utzi du, meatokia ustiatzeko baimenak auzitegietan trabatuta daudelako. Highfield Resources Limited enpresak bere webgunean jakinarazi du ostirala izan zuela azken eguna Salazarrek zuzendari gisa.
Geoalcali enpresa berezia da. Egoitza nagusia Iruñean du, baina hari finantza arnasa ematen dion kapitala munduaren beste aldetik dator, Australiakoak baitira akziodun nagusiak. Gainera, Sydneyko burtsan kotizatzen du, Highfield Resources Limited deiturarekin.
Ikusi gehiago
Euskal Herrian bi aktibo nagusi ditu. Bata, Undioko kontzejuan, Erreniega mendiaren inguruan. 1996ra arte bertan potasa ustiatu zuten bi meategi enpresek, baina, oraindik ere nahikoa ateratzeko bazuela pentsatuz, jarduerari berrekin zion duela hamar urte. Bestea, Muga meatokia da.
Hain zuzen ere, Salazarrek bost urte egin ditu karguan. 2020ko uztailean hartu zuen Geoalcaliko lema, Muga meatokiaren proiektua bultzatzeko asmoz. 800 enplegu sortuko zirela nabarmendu zuen, eta Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du. Nafarroa eta Aragoi (Espainia) arteko eremu zabal bat hartzen du, Esako urtegitik hegoaldera. Meategi horretan nekazaritzako ongarria ekoizteko potasa ustiatu nahi zuen. Bide luze horretan, Nafarroako Gobernuaren, Aragoiko Gobernuaren eta Espainiakoaren baimenak lortu zituen, baina gaur egun proiektua trabatuta dago auzitegietan.
Hiru baimen ez, bakarra
Meatokiaren aurkako plataformak hasieratik salatu zuen ingurumenari kalte handia eragingo ziola, eta ohartarazi zuen urtegia bera ere arriskuan egon zitekeela. Auzitara jo zuen, eta helegitea jarri zion Nafarroako Gobernuak emandako baimenari. Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zion, eta behin-behinean proiektua geldi dago. Auzitegiak, besteak beste, argudiatu du egitasmoa osorik aztertu behar zela eta baimen bakarra lortu. Hiru administrazioen baimenak izatearen prozedura gaitzetsi zuen.
Epaia ez da irmoa. Auzitegi Gorenak emango du azken hitza, eta horren zain dago Espainiako Gobernua. Otsailaren 10ean Geoalcaliko arduradunak Maria Txibite lehendakariarekin eta Mikel Irujo Industria kontseilariarekin elkartu ziren, proiektua aurrera egiteko premiatzeko asmoz. Alta, administrazioek ezin dute auzitegien erritmoa azkartu.
Enpresa txinatarren baldintza
Eta hor datza arazoa enpresarentzat. Geoalcalik, administrazioen baimenaz gain, hirugarren erpin bat behar du: finantzaketa. Meatokia eraikitzeko prozesuak inbertsio handia eskatzen du, eta iaz Txinako hiru enpresek 150 milioi jartzeko akordioa sinatu zuten. Alta, hiru konpainia txinatarrek —Yankuang Energy, Beijing Energy eta Taizhong— argi utzi dute euren pazientzia agortzen ari dela. Martxoaren 31rako baimen guztiak lortzea jarri zuten baldintza gisa, eta ez dute lortu.
Proiektua trabatuta, martxoan bertan aldi baterako lan erregulazioko espedientea aurkeztu zuen Geoalcalik 30 langileentzat. Horren ondotik Salazarrek kontseilari ordezkari izateari utzi dio. Ikusi beharko da zer ondorio dituen Muga meatokiaren proiektuarentzat.
