Iaz abiatutako hazkunde plan estrategikoarekin aurrera jarraitzen du Velatia taldeko Ormazabal enpresak. Konpainia hark elektrizitate sarerako soluzio teknologikoak ekoizten ditu, eta egoitza nagusia Bizkaiko Parke Teknologikoan jarri nahi du. Hain zuzen, Derioko azpiegitura egiten amaitzeko eta Igorreko (Bizkaia) lantegia handitzeko asmoz, 35 milioi eurotik gora inbertituko ditu, 2026ra bitartean. Besteak beste, gas fluoraturik gabeko gailuak seriean ekoizten hasi nahi du Ormazabalek, baita negozioaren digitalizazioa bultzatu ere.
Igorrekoa da Ormazabal enpresak duen lantegirik handiena, eta hara egindako bisitaldian, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bertatik bertara ikusi ahal izan ditu lantegian egindako berrikuntzak. Zentro horretan soilik 20 milioi euro inbertituko dituzte.
Lantokian barrena egindako ibilaldian, Pradalesekin batera izan dira Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Jorge Gonzalez enpresako zuzendari nagusia, eta Jose Luis Bilbao lantegiko zuzendaria. Javier Ormazabal eta Alejandro Ormazabal Velatiako presidentea eta presidenteordea ere izan dituzte lagun.
Inbertsio horri esker, konpainia seriean fabrikatzen hasiko da SF6 sufre hexafluorurorik gabeko teknologia duten gelaxkak: «Merkatuan oso harrera ona izan dute, eta elektrizitate sarerako soluzio seguru eta jasangarrien garapenean erreferentzia bihurtu dute Ormazabal», Gonzalezek nabarmendu duenez.
800Urteko fakturazioa, milioi eurotan. Ormazabalek hamazazpi lantegi ditu mundu osoan, eta 50etik gora herrialdetan finkatuta dago filialen eta banaketa sareen bitartez. 800 milioi eurotik gora fakturatzen ditu urtean.
Igorreko lantegia cgm.zero24 gelaxka sorta berria ekoizteko teknologiarik aurreratuenaz hornitzea da industria arloko apustu horren helburua, «[Espainiako] estatuko eta nazioarteko merkatuetan gas fluoraturik gabeko soluzioen hornidura bermatu ahal izateko». Enpresako zuzendari nagusiaren ustez, produktu lerro hori «funtsezko urratsa» da Ormazabalen estrategian, «elektrizitate sare seguruagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa lortzeko».
Ormazabaleko arduradunen arabera, duela 35 urte baino gehiago martxan jarri zenetik, Igorreko lantegia «inguruko ekonomia eta gizartearen eragile nagusietako bat» bihurtu da, «enplegua, aberastasuna eta balio erantsia sortzen lagunduz». Bertako lantaldea seiehun profesionalek baino gehiagok osatzen dute, eta, Gonzalezen arabera, «lantegiak lankidetza estuan dihardu balio kate industrialarekin, modu koordinatuan lan eginez tokiko ekoizpen sarea indartzeko». Halaber, harremanak ditu inguruko prestakuntza zentro eta unibertsitateekin, «eskualdeko talentua sustatzeko».
Instalazio berriak
Ormazabal Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoko instalazio berriak martxan jartzen ari da pixkanaka-pixkanaka, bere soluziorik digitalenen muina bertan finkatu eta Deriokoa konpainiaren «egoitza global berria» bihurtzeko asmoz. 15 milioi euroko inbertsioa tarteko, proiektu horren bitartez diziplina anitzeko berrehun profesional inguruko taldea osatuko dute, berrikuntza eta lankidetza teknologikorako gune bilakatuz.
«Sektorearen hazkundeari eta eskaerari erantzuteko prestatzen ari da Ormazabal, aberastasuna sortzea eta lurraldearekiko errotzea bultzatzen dituen bitartean»
JORGE GONZALEZOrmazabal enpresako zuzendari nagusia
Fabrikazioan eta I+G egitasmoetarako egindako inbertsio horien laguntzaz, «Ormazabal sektorearen hazkundeari eta eskaerari erantzuteko prestatzen ari da, aberastasuna sortzea eta lurraldearekiko errotzea bultzatzen dituen bitartean», Gonzalezen hitzetan. Hartara, gaur egun, 1.200 langile ditu, zeharkako 2.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu, eta 175 milioi euro inguru inbertitzen du urtero Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hornitzaileei egindako erosketetan.
Ormazabaleko zuzendari nagusiaren arabera, «horrek guztiak berretsi egiten du duela ia sei hamarkada industria jardueraren eraldaketaren eragile izateko hartutako konpromisoa, elektrizitate sare jasangarriagoa eta eraginkorragoa lortzeko asmoz».
Industria planarekin bat
Pradales lehendakariak, berriz, Velatiak irudikatzen dituen «ekosistema eta balioak» nabarmendu ditu, baita egokitzeko, «dibertsifikatzeko eta zabaltzeko duen gaitasuna» ere: «1967an abian ipini zen armairu metalikoen lantegi txikia enpresa globala da gaur egun. Mundu osoko enpresa eta entitateak erakartzen dituzten azpiegiturak eta entsegu laborategiak ipini dituzue abian, eta talentuaren eta ikerketaren aldeko apustua egin duzue».
«Ziurgabetasunez betetako uneotan», Pradalesek «etorkizuna lantzen» jarraitzera deitu du, «herri gisa eta ongizatean hazten segitzeko». Eusko Jaurlaritzako buruak Europako Batasuneko txosten bati egin dio aipamen, zeinak agerian uzten baitu «energia azpiegituretan, 2040ra arte, 1,3 bilioi euro» inbertitu behar direla ekonomia deskarbonizatu ahal izateko.
«1967an abian ipini zen armairu metalikoen lantegi txikia enpresa globala da gaur egun»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Kopuru horren %48, 730.000 milioi euro, sare elektrikoa modernizatzera eta hedatzera bideratu behar da». Pradalesen ahotan, energia azpiegituretan inbertitzeari esker, «euskal industriaren etorkizuna eta enplegua bermatuko ditugu, energia garbiak integratuko ditugu, mugikortasun jasangarrian eta ekonomia digitalean aurrera egingo dugu, eta azpiegitura gakoen hornikuntza bermatuko dugu».
Era berean, Industria Plan berriaren egitasmoetako bat iragarri du, zeina «sare elektrikoetan punta-puntako teknologiak zabaltzeko enpresa aliantza bat abian jartzean» datzan.
muga zergen igoerari erantzuteko prest dago pradales
Europako Batasunak asteazkenera arte dauka AEBekin muga zergen inguruko hitzarmen bat lortzeko. Pradales lehendakaria «baikor» azaldu da: «Euskadin gure sarea defendatzeko prest gaude, Trumpek alde bakarrez eta akordiorik gabe muga zergak handitzen baditu».
Ohartarazi duenez, «erantzuterakoan, Europak argia izan behar du, duda-mudarik gabe, Europako industria defendatzeko; eta, beraz, euskal industria defendatzeko». Izan ere, Pradalesen arabera, «milaka lanpostu eta gaur egungo eta etorkizuneko ongizatea daude jokoan».
Egoera honetan, eta lankidetza publiko-pribatuan oinarrituta, lehendakariak nabarmendu du «Euskadiren gaitasun guztiak aktibatu eta lerratuko» dituztela, «eraldaketa ekonomikoa sustatzeko, gure industria defendatzeko eta kalitatezko enplegua bermatzeko».