IK4-Teknikerrek eta Grapheneak patente bat erregistratuko dute aurki

Grafenoa modu automatizatu eta egonkorrean ekoizteko sistema berri bat garatu dute elkarlanean, eta urte amaierarako prest egongo da

Graphenean ekoiztutako grafeno xafla bat. GRAPHENEA.
xabier martin
2014ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Grafenoaren ekoizpena automatizatzeko sistema berri bat sortzea. Asmakizun berri bat egitea. Modu berri bat asmatzea. Helburu hori dauka IK4-Teknikerren eta Donostiako Graphenearen arteko elkarlanak, eta emaitzak eman ditu. Hirugarren prototipoa diseinatzen ari da IK4-Tekniker, eta, urtea amaitzerako, grafenoa ekoizteko automatizazioa egia izango da.

Eta egia horrek patente bat beharko du luze gabe. Automatizazio horren sistemak jabego industriala baduela esaten duen agiriak garbi utziko du Graphenearen esku daudela material hori ekoizteko modu jakin eta eraginkor horren eskubideak.

Patenteak, azken finean, zerbait sortzeko ikerketa prozesu baten arrakastaren azken katebegia dira. Grafenoa nazioarteko industriagintzaren agenda garrantzitsu guztietan dago gaur egun, atomo bakarreko karbono puruak, grafenoak alegia, abantaila izugarriak dituelako: altzairua baino berrehun aldiz sendoagoa da, eta bost aldiz arinagoa; malgua da, eta eroalea. Ezaugarri fisiko harrigarri horiek hautagai egin dute garapen teknologikoaren abangoardian jartzeko.

Tefloizko edukiontzia

CIC Nanoguneren jardueratik sortutako Graphenea enpresak munduko laborategi asko hornitzen ditu. Grafeno laginak saltzen ditu; xaflak ematen dizkie materialaren beste aplikazioetan ikerketak egiten dituztenei. Arazoa da ekoizpen prozesuak CVD teknologiarekin grafenoa sortu ondoren eskulan handia eskatzen dutea. Hala, Grapheneak sistema automatizatu nahi izan du, lehengaia fabrikatzeko egonkortasuna irabazte aldera, eta IK4-Teknikerrekin batera garatu du sistema berria. «Grafenoa kobrezko xafla batetik siliziozko xafla batera pasatzeko sistema sortu dugu. Kimika bainu askoren bidez lortzen dugu», azaldu dio BERRIAri Rafa Enparantzak, IK4-Teknikerreko kide eta proiektuaren zuzendariak.

Enparantzaren taldeak Graphenearen sistema berriaren prozesuan ezinbestekoa den tresna diseinatu du: tefloizko edukiontzi bat. Horri esker egin daitezke bainu kimikoak, grafenoa silizio xaflan buka dezan atomo bakarreko xafla hori hondatu gabe. «Emaitzak berehala aplikatzeko dira ikerketa honetan, eta horrek betetzen gaitu».

Asmatutako sistema eskala txikirako sortu da, eskala txikian ekoizteko, baina oinarria jarri du grafenoa kopuru handian ekoizten hasteko. «Datozen urteetan garatuko da beharbada eskala industriala, Grapheneak duen eskaria igotzen den heinean», dio Enparantzak. «Patente bat izango du sistemak, noski; IK4-Tekniker asmatzaileak izango gara, eta Grapheneak izango ditu lehenik eta behin eskubideak». Urte eta erdi luze joan da proiektua hasi zenetik, eta urte bukaeran amaituta egotea espero du Enparantzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.