Ikea-Ametzondo xedea eraikitzeko baimena eskatuko dute hil honetan

Onartzen badute, eraikuntza lanak 2012ko udaberrian hasiko dira eta saltegia 2014ko ekainean irekiko

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ikea-Ametzondo xedea bertan behera gelditu dela zioten zurrumurruak moztu eta hil honetan saltegiaren eraikuntza baimenak eskatuko dituztela jakinarazi dute Jean Grenet Baionako auzapezak, Alain Iriart Hiriburuko auzapezak eta Roland Hirigoien Mugerrekoak. Adierazpena Ikeako arduradunen aitzinean egin dute auzapezek.

2006an iragarri zuten Ikea-Ametzondo xedea, aspalditik Baiona, Hiriburu eta Mugerreko Herriko Etxeak horrelako xede baterako atxiki lurretan. Kokagunea paregabea dela diote xedearen bultzatzaileek, Baionako atarian baitago, A-63 eta A64 autopisten estekan.

Xedearen aurka zegoela adierazi du berrikitan Didier Borotra Miarritzeko auzapezak. Borotrari zeharkako erantzuna emanez, xedea aitzina doala berretsi zuen Grenetek. Inkesta publikoa egiteko baimenak eskatuko dituzte hilhonetan, eta behar ziren desjabetzeak dagoeneko egin dituztela azpimarratu zuen. «Gaurko agerraldiarekin, egitasmoen maila gainditu dugu eta eraikuntza fasean sartuko gara », azaldu zuen.

Ikea enpresa Baionara ekartzea ekonomikoki biziki garrantzitsua dela azalduzuen. Alta, duela bost urteko agerraldian iragarritako saltegi kopurua apalduko dute. Hiriguneko komertzioari kalterik ez eragiteko, Greneten hitzetan. Ez zuen azaldu, ordea, langile kopuruan ere murrizketak eraginen dituen.

Erakargarritasuna handitu

Ikea Etxeak inkesta bat egin du saltegiaren eragin eremuan dauden herrialdeetan. Gipuzkoari dagokionez, herritarren %61ek Ikeaz baliatzeko asmoa dutela dio inkestak. Orain %30 dira erosketak egitera noizbehinka Baionara hurbiltzen direnak. Baionaren erakargarritasuna handitu eta onura ekonomiko handiak sortuko dituela azaldu zuen Pierre Deyries-ek Ikeako Komunikazio arduradunak.Ikeak zortzi milioi bisitari espero ditu urtean. Bi milioi euro ordainduko du zergetan. Milioi bat euro Euskal Kostaldea-Aturri herri elkargoarentzat eta bertze milioi bat euro Errobi-Aturri herri elkargoarentzat.

Agintariek ez dute trabarik ikusten Ikearen xedean. Herri elkargoei onura ekonomikoa eragingo eta mila lanpostutik gora sortuko dituelako. Hala ere, hiri barneko saltegiei trabarik ez egiteko, Ikearen inguruan kokatuko diren saltegiek ez dute baimenik ukanen Baionan kokatzeko eta azken horiek haizu ukanen dute Ikean plantatzea. Garraioari dagokionez, eragina ez dela sentituko azpimarratu zuen Grenetek. Egunero auto metaketak gertatzen dira Baionako sarreretan. Baina lehen metaketa goizeko zortzietan gertatzen da, saltegia ireki aitzin. Arratsaldean eragina ukanen du; baina, xedearen bultzatzaileen iritziz, ez horren handia. Bisitarien %90ek autobidea baliatuko dute, A-63 autobidea bisitarien %70eketa A-64 autobidea %20k. Gelditzen diren %10ak hiri barnera joanen direla onartu zuen, baina ez dutela trabarik eraginen. Autobus zerbitzuak handituko dituzte eragozpenak gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.