Lan gatazkak

IMQk ez ditu lan txandetan sartuko kaleratu nahi zituen 76 garbitzaileak

EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabeak zirela ebatzi zuen arren, klinika sareak helegitea jarri du Auzitegi Gorenean

IMQko hiru garbitzaile protesta ekintza batean.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 29a
10:59
Entzun

IMQk kaleratu nahi zituen Bilboko bi klinikatako 76 garbitzaileek hilabeteak egingo dituzte etxean soldata osoa kobratzen. EAEko Auzitegi Nagusiak haiek berriz kontratatzera behartu zituen kaleratzeak baliogabeak zirela ebatzita. Klinika sareak, baina, helegitea jarri du Auzitegi Gorenean, eta hark ebatzi arte ez dago behartuta garbitzaileak lan txandetan sartzera. Bai, ordea, haien izena ematera Gizarte Segurantzan eta soldata osoa ordaintzera. PCB ITP Aeroren galdategian gertaturiko gauza bera gertatuko da. Handik kaleratu asmo zituzten 83 langileek zortzi hilabete egin zituzten etxean.

IMQk sareko Vicente San Sebastian klinikak eta Zorrotzaurreko Mediku Kontsultategiak ez dute onartu EAEko Auzitegi Nagusiak martxoaren 1ean beren aurka emaniko ebazpena. Egun hartan, epaileek ebatzi zuten 76 kaleratuek subrogazio eskubidea dutela, eta klinikek garbiketa zerbitzua azpikontratatzeari utzi eta bere gain hartu nahi badute langile horiekin izan behar duela. Ebazpenari helegitea jartzeko aukera zuten, eta hala egin dute. Ebazpenak ikusmina sortuko du, subrogazio eskubideari aurkitu dakiokeen zirrikitu bat izan daitekeelako.

Zertan da orain egoera? Bada, garbitzaileak berriz kontratatu behar izan dituela, eta soldata ordaintzen hasi zaie, baita Gizarte Segurantza ere. Hori bai, ez dago lan txandetan sartzera behartuta. Eta hori egin daiteke? Bai, legezkoa da Auzitegi Gorenak ebazpena eman arte. Neurri garestia da, dena den, bitartean bi garbitzaile talde ordaindu beharko baititu IMQk. Kaleratzeak urtarrilaren 1ean gauzatu zituen, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenera arteko bi soldatak -urtarrilekoa eta otsailekoa- airean gelditzen dira Gorenak bere iritzia eman arte. Baita epailearen aginduz garbitzaile bakoitzari ordaindu beharreko 1.000 euroko zigorra ere , eta ELA sindikatuari ordaindu beharreko 40.000 euroak. Zortzi-hamar hilabeteko tartea pasa daiteke.

IMQk iazko azaroan jakinarazi zuen ez zuela berrituko Gizatzen garbiketa azpikontratarekin zuen kontratua. Langileek soldata arrakala amaitzeko greba bat egitera deitu eta bi egunera izan zen. Urte luzerako azpikontrata katea hautsi zuen, garbitzaileetako askok hamar urte baino gehiago baitaramatzate bertan lanean. ELA sindikatuko abokatuak azaldu zutenez, negoziazio epean IMQko abokatuek zehaztu zuten garbitzaileak «garestiegiak zirelako» eten nahi zutela zerbitzua. Sindikatuek ustez, urtarrilean lanean hasitako garbitzaileek baldintza kaskarragoak dituzte, haien aurrekoek lorturiko gainsariak gabe.

PCBkoak Aste Santu ondoren

ITP AERo PCBk kaleratu asmo zituen 83 langileak Aste Santuko oporren ondoren itzuliko dira lanera. Gorenak otsailaren 23an ebatzi zuen haien kaleratzea baliogabea dela, eta haiek txandetan sartzera behartu zuen enpresa. Langile batzordea haien itzulera nola egin negoziatzen aritu da, eta modu mailakatuan egingo dute apirilaren 19tik aurrera. PCBk Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia) ditu plantak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.