Erosketetara doana arnasa hartu ezinda dabil oraindik. Prezioen igoera etengabea da. Elikagaiak iazko urrian baino %9 garestiago daude Hego Euskal Herrian, eta hilabete batetik bestera beste %1,5 garestitu dira. Dena den, iazko maiatzetik izandako igoerarik txikiena da.
Inflazioari aurre egiteko neurriek eragina dute, baina espero baino abiadura motelagoan gertatzen ari da hori. INE Espainiako Estatistika Institutuaren urriko kontsumo prezioen indizeak (KPI) agerian utzi du, beste behin, gaur egun elikagaien prezioa dela inflazio handiari eusten dion aldagai nagusia, eta ez energiarena, aurreneko hilabeteetan gertatu zen moduan.
Tasa orokorrak %0,2 egin du gora irailetik urrira, baina egonkor mantendu da, %3,5ean. Azpiko inflazioa, berriz, %5,3koa da. Iazko uztailetik izandako igoerarik txikiena da. Elikagai ez-elaboratuak eta produktu energetikoak kanpo uzten ditu azpiko inflazioak; horiek izaten dira egonkorrenak.
Erregaiaren merkatzeak lagundu egin du tasa orokorra egonkor mantentzen. Oro har, iaz baino %4,5 merkeago daude. Gasolio litroa duela hamabi hilabete baino 33 zentimo merkeago egon da batez beste. Irailetik urrira ez da aldaketa handirik izan gasolioan, baina bai, ordea, gasolinan: litroa 60 zentimo jaitsi da. Iazko urritik, bederatzi zentimo.
Are nabarmenagoa da argindarraren prezioaren jaitsiera. Iaz baino %18,6 merkeago dago, eta irailetik urrira beste %1,9 egin du behera. Iberiar penintsulan urrian izandako haizeteek asko handitu dute energia eolikoak argindar sistemari egindako ekarpena, eta horrek eragin handia izan du azken prezioan.
Laino beltzak
Dena den, energien merkatua ezegonkor dago oraindik, egoera geopolitikoarengatik. Eta prezioak garestitzea aurreikusten dute erakundeek. Nazioartean, gasaren eskaria gora egiten ari da, ipar hemisferioan neguaren etorreraren ondorioz, eta harekin batera ari da igotzen gasaren prezioa. Petrolio ekoizleek, halaber, berretsi dute produkzio murrizketei eutsiko dietela, upela 100 euro inguruan egon dadin —77,5 euroren bueltan dago gaur—.
Europako Banku Zentralak berriki ohartarazi du litekeena dela inflazio orokorrak gora egitea datozen hilabeteetan, eta horrekin batera ugaritzea hari aurre egiteko neurriak: hots, interes tasa handiei eustea.
Azken hilabeteetan, euroguneko inflazioak nabarmen egin du behera. Eurostaten arabera, %2,9koa izan zen urrian; irailean, berriz, %4,3koa. Urrikoa mailarik txikiena da 2021eko abuztuaz geroztik, Ukrainako gerra hasi baino sei hilabete lehenagotik. Hori kontuan hartuta, EBZk urriaren 26ko bileran erabaki zuen interes tasak gehiago ez igotzea—%4,5ean daude—, hamar aldiz jarraian igo ostean, baina iradoki zuen denbora batez ez dituela jaitsiko, inflazioa «oso denbora luzean» oso goian egongo dela aitortuta.
Aurreikuspen horiekin zaila izango da erosketa saskian aldaketarik egotea. Urriko igoera azken urte eta erdiko txikiena izan den arren, prezioak egonkortzetik urrun daude oraindik. Iazko urritik, INEk neurtzen dituen elikagai guztien prezioek gora egin dute: bakar bat ere ez da merkatu.
Gainera, oinarrizkoak diren produktu batzuek ez diote utzi marka guztiak hausteari. Olioarenak, bereziki. Beste %6,9 garestitu da hilabete bakarrean, eta duela urtebete baino %48,4 garestiago dago. Oliba olioarena garestitu da gehien, lehorteek produkzioan izan duten eraginagatik. Olioarekin batera, azukrea da azken urtean gehien garestitu diren oinarrizko beste elikagaietako bat, baina azken hilabeteetan egonkortu egin da haren prezioa; hala ere, %8,2 baino garestiago dago oraindik.
Indarra galtzen ari da elikagaien inflazioa, baina iaz baino %9 garestiago daude
Argindarra eta erregaia merkatu egin dira urrian, eta, horri esker, egonkor dago inflazio tasa orokorra: %3,5ean. Ez da beherakada handirik espero hurrengo hilabeteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu