Sei hilabete eta hainbat saiakera behar izan ditu Europako Batzordeak —lau atzerapen izan dira ofizialki-— Industria Bizkortzeko Arauaren proposamena aurkezteko. Tirabirak oso handiak izan dira erosketa, kontratazio eta laguntza publikoan eta atzerriko inbertsioen gainetik Europako ekoizleak lehenetsi behar dituen arauaren inguruan, gai honetan ere Europako Batasuneko kideen interesak oso desberdinak diren seinale.
Frantziak eta Alemaniak, esaterako, jarrera ia kontrajarria dute gai horren inguruan. Emmanuel Macronen gobernua eta Stephane Sejourne Industria komisarioa bera —arauaren arduraduna— izan dira Buy european (Europakoa erosi) izena jaso duen ideiaren bultzatzaile nagusiak; haien ustez, hainbat sektore estrategikotan Europan ekoitzitako produktuak lehenetsi beharko lirateke erosketa eta esleitze publikoetan.
Baina hori, Alemaniaren eta harekin lerrokatutakoen ustez, nazioarteko merkataritza arauen kontra doa, eta kalte egingo die hainbat herrialde eta blokerekiko merkataritza harremanei.
Eta tirabirak ez dira mugatu herrialdeen interes kontrajarrietara. Bruselako zenbait hedabideren arabera, desadostasunak Batzordearen barruan bertan ere izan dira: besteak beste, Merkataritzako zuzendaritza nagusiaren eta Industriako zuzendaritza nagusiaren artean.
%20Â
Industriaren pisua. Industria bizkortzeko arauaren xede ofiziala da Europaren ekoizpenean industriak duen pisua handitzea. Helburua da 2035ean industriak ekoizpen osoaren %20 hartzea —gaur egun %14 da—.
Bilera, negoziazio eta orrazketa ugari izan dira testua dela-eta, eta, arauari orrazia pasatu zaion aldi bakoitzean, ile matazak galduz joan da. Ondorioz, gaur Sejournek proposamen urardotu bat aurkeztu behar izan du. Ez zaio falta izan, hori bai, hitz arranditsurik. Komisarioak esan du ez dela ohiko aldaketa bat: «Doktrina aldaketa bat da. Duela hilabete batzuk pentsaezina izango zena. Iranekin gertatutakoak ere erakusten digu gure industria sektore estrategikoak sendotu behar ditugula».
Sejourneren arabera, «gure lehiakideek erabiltzen dituzten diru laguntza masiboengatik eta merkatuaren distortsioen ondorioz, gure enpresek desabantailan jokatzen dute, baita Europako merkatuan bertan ere». Eta arauak hori aldatu beharko luke.
Hauek dira gaur aurkeztutako proposamenaren puntu nagusiak:
Sektoreak
Arauak sektore hauetako ekoizleei eta inbertsioei eragingo die: automobilgintzari, deskarbonizaziorako teknologiei —eguzki panelak, sorgailu eolikoak, bero ponpak, bateria...—, eta energian intentsiboak diren industriei —altzairua, zementua, aluminioa, kimika, papergintza...—.
Aurkeztua izan arte proposamenak egin duen bidean, kanpoan geratu dira, besteak beste, teknologia digitalak, material aurreratuetarako eta fabrikazio aurreratuetarako teknologiak, erdieroaleak, adimen artifiziala, teknologia kuantikoak, espazioko eta propultsioko teknologiak eta robotak.
Jatorriak
Gai arantzatsua izan daiteke zehaztea zer den Europan egindakoa (made in Europe). Hasieran, produktuaren %70 Europan egina izatea zen baldintza. Azkenean, sektorez sektore ezarri dira portzentajeak. Dena den, Sejournek argitu du jatorria ezartzeko ez dela kontuan hartzen egilea nongoa den, enpresa nongoa den, baizik eta produktua non egin den. Horrekin, bultzatu nahi da atzerriko enpresek EBn egitea ekoizpenaren zati handi bat.
Industria bizkortzeko eremuak
Industria Bizkortzeko Eremuak ere aurreikusten ditu gaurko proposamenak. Eremu horietan «industria sinbiosia» ahalbidetu nahi da, manufaktura garbiko proiektuen bilguneak sortzeko. Batzordearen arabera, eremu horietako proiektuek abantailak izango dituzte baimenak lortzeko, koordinaziorako, eta eskuragarriago izango dituzte azpiegiturak, finantzaketa eta ezagutza. «Helburua da industria gune lehiakorrak sortzea inbertsioa erakartzeko, deskarbonizazioa errazteko eta hornidura katearen erresilientzia indartzeko.Â
Proposamenaren arabera, EBko estatuek zehaztuko dituzte industria bizkortzeko eremuak; hain zuzen, hori aipatu du gaur Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Bruselan bertan, eta Madrili eskatu dio «Euskadiko industria bizkortzeko eremu izendatzea», horretarako baldintzak betetzen dituelako.Â
Bazkideak
Arauak EBz kanpoko zer herrialderi eragiten dion eta kanpoan zein geratzen den, horri buruz ere makina bat tirabira izan dira, kanpoan geratzeak esan nahi baitu erosketa publikoan lehenetsia ez izatea. Hasierako proposamenean, lehenespenaren trataera baliokidea soilik EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkarteko herrialdeetara zabaltzen zen —Norvegia, Islandia eta Liechtenstein—. Aipatzen ziren, hala ere, «konfiantzazko bazkideak». Erresuma Batuak eta Japoniak, adibidez, mugimendu ugari egin dituzte izendapen horren bila. Eta ez dago argi Suitza sar daitekeen.
Baina Alemaniak eta merkataritza lehenestearen aldekoek presio handia egin dute erosketa eta esleipen publikoetan maila bera aitortzeko EBrekin merkataritza libreko akordioak dituzten herrialdeetako ekoizleei. Haiek baztertzea akordio horiei kalte egitea eta Munduko Merkataritza Erakundearen arauak haustea litzateke. Tesi horren aldekoen leloa da hobe dela Europarekin egina bultzatzea (Made with Europe), Europan egina baino (Made in Europe).

Azkenean, proposamenak bazkide komertzial guztiak sartu ditu konfiantzazko bazkideen mailan —MMEko baldintzak betetzeko—, baina, elkarrekikotasuna exijituko zaie herrialde horiei; hots, haien herrialdeetan EBko ekoizpenak ere lehenetsien artean egotea. Elkarrekikotasunik ez bada, herrialdeari bazkide maila kenduko dio EBk.
Inbertsioak
Arauak hartzen dituen sektoreetan atzerriko inbertsio batzuk ere baldintzatzen ditu Europako Batzordearen proposamenak. Atzerriko konpainiek sektore horietan egindako 100 milioi eurotik gorako inbertsioek baldintza batzuk bete beharko dituzte, haien jatorrizko herrialdeak ekoizpen ahalmen globalaren %40tik gora baldin badauka auto elektrikoetan baterietan, eguzki paneletan edo material kritikoetan. Besteak beste, EBkoa izango da enpresa aliantzen jabegoaren gehiengoa, eta bermatu beharko dute gutxienez enpleguaren %50 EBn sortzea.Â
Aliantza horietan, gainera, Europako Batzordea teknologien transferentzia egotea ere nahi du, hau da, atzerriko bazkide horiek beren ezagutza partekatzea ekoizle europarrekin, garai batean Txinak ere herrialdean ezarri nahi zuten Mendebaldeko ekoizleak behartzen zituen moduan aliantzak egitera eta ezagutza partekatzera. «Ez dugu nahi inbertsioen emaitza soilik gauzak muntatzeko plataformak izatea». Sejournek ukatu egin du Txinaren kontrako neurria dela hori, eta esplikatu du Txinak berak egiten dituela horrelako politikak.Â
Edonola ere, tirabirak ez dira amaitu, eta oso zaila izango da Sejournek gaur aurkeztutako proposamena bere horretan geratzea arau bihurtzen denean; aldaketak espero daitezke Europar Kontseiluan —gaia hizpide izango da hilaren 19an eta 20an lehiakortasunaz Kontseiluak egitekoa duen bileran—, eta Europako Parlamentuan ere bere bidea egin beharko du.
txinatik babesteko ezkutua
Azken proposamenarekin, pentsatzekoa da Industria Bizkortzeko Araua, ezer baino gehiago, Europako industria Txinatik datorren olatutik babesteko tresna eta ezkutua izatea nahi dutela, eta, ondorioz, bigarren mailan geratu dela Europako industriako sektore estrategikoak bultzatzea.
Hori ondorioztatu daiteke, adibidez, azkenean arauak ukitzen dituen sektoreei begira: argindarrean intentsiboak diren industriak, deskarbonizaziorako teknologiak eta automobilgintza.
Altzairuaren, zementuaren, gai kimikoen eta halakoen Europako ekoizleak aspalditik dira kexu Txinaren gehiegizko produkzioaren lehiarekin. Eta Europako automobil egileak dardarka daude Txinako autoekin.