Koronabirusaren krisiaren ondorioz hurrengo asteetan agian zaharkitua geratuko den ekonomiaren argazki bat kaleratu du Eustatek. Haren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkundea moteldu egin zen 2019an, baina erritmo onean jarraitzen du. Zehazki, BPG barne produktu gordina %2,2 hazi zen 2019. urtean, aurreko urtean baino zortzi hamarren gutxiago. Moteltze horren arrazoietako bat industriaren gainbehera izan da, hazkunde tasa negatiboak izan baitzituen urteko hirugarren hiruhilekoan. Laugarrenean, baina, haztera jo du berriro, eta %1,1 handitu da urtearen amaieran.
Industriaren urte pattala ikusita, zerbitzuak izan dira berriro ere ekonomiaren motor nagusia. Haien ekarpena oso gutxi moteldu da (%2,7tik %2,5era), nahiz eta haien barruan izan den aldaketarik: indarra galdu dute ostalaritzak, merkataritzak eta garraioek (%4tik %2,4ra), eta indarra hartu dute gastu publikoak (%2,1etik %2,2ra) eta beste zerbitzuek (%2,2tik %2,6ra).
2019an gehien hazi den sektorea eraikuntzarena da (%3,1), baina azken datuak ez dira hain onak. Urteak aurrera egin ahala, behera egin zuen haren bultzadak, eta azken hiruhilekoan %1,9 hazi da urte arteko tasan, aspaldiko gutxien. Krisia lehertu zenean erdira jaitsi zen hark hiru lurraldeetako ekonomiari egiten zion ekarpena, baina azken urteetan berriro biziberritu da.
Sektore ahulena, berriz, lehen sektorea da. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren ekarpena %0,6 baizik ez da handitu.
Enplegua, %1,6 gora
Eskariaren arabera, portaera onena kapital eraketa gordinak izan du, hau da, enpresen inbertsioak. %2,8 hazi zen iaz: %2,3 makinetan egindakoa, eta %3 gainerakoa.
Enpleguak ere bilakaera ona izan zuen, baina horretan ere antzeman da ekonomiaren moteltzea: 2018an %2,6 handitu zen, eta 2019an, aldiz, %1,6. Gainera, azken hiruhilekoa izan da ahulena, %1,2ko hazkundearekin. Zenbaki osoetan, 15.335 enplegu sortu dira hiru probintzietan, lanaldi osoko postuetan zenbatuta.
Koronabirusak ekonomiari kalte egingo diola baieztatu dute nazioarteko erakundeek, eta OCDEk ohartarazi du urteko lehen hiruhilekoan atzera egin dezakeela zenbait eremutan, tartean eurogunean. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik 2020rako bere iragarpena aldatu, 2019eko irailean egindakoa. Haren arabera, %1,9 haziko da BPGa, eta %1,2 enplegua.
Nafarroako Estatistika Erakundeak martxoaren 31n emango ditu 2019ko azken datuak. Aurreratu zuenez, BPGa %2,6 hazi zen.