Bi urte beteko dira Mikel Jauregi (Zarautz, Gipuzkoa, 1974) Londrestik itzuli zenetik Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu postua hartzera eta gaztelera herdoildua berrerabili behar izan zuenetik. Egun horietan Pedro Miguel Etxenikek esandakoa ekarri du gogora: «Begira ni Garaikoetxearekin sailburu sartu nintzenean, eta begira orain: sailburu bat ikusten dut ingelesez eta euskaraz askoz trebeago gazteleraz baino; euskaldun bezala nire amets bat bete da».
Orduz geroztik, galtzak bete lan aritu da; gaztelera olioztatu du Jauregik, eta euskara eta ingelesa zorroztu, hitzaldi publikoetarako eta harreman eta negoziazio diskretuetarako.
Legealdi honen erdira iritsiko gara ekainean, baina zure izendapena ustekabekoa izan zen nolabait. Nola izan da enpresaren mundutik arlo publikorako jauzia, eta horrek dakarren esposizio publikoa?
Guztientzako izan zen ustekabea, baita niretzat ere. Eta bai, izugarrizko aldaketa izan da: enpresa mundutik nator, eta, gainera, ibilbide profesional guztia atzerrian egin dut. Jauzia handia da politikara eta mundu publikora, eta hor badago alde txiki bat, non esposizio publikoa, komunikabideak, sare sozialak, ika-mika publikoak kudeatu behar dituzun.
Baina beste alde handiarekin geratzen naiz: aukera bat zure herriaren alde lan bat egiteko eta legatu bat utzi ahal izateko. Herrigintzan sinesten duen pertsona bat naiz. Gainera, garai kritiko batean gaude; hori esan zidan lehendakariak sailburu izateko eskatu zidanean, garai historiko honetan izugarrizko eraldaketak izan direla mundu digitalean eta trantsizio energetikoan, eta ziurgabetasun geopolitikoa ere badela.
Bi urteotan denetik gertatu da, eta, besteak beste, aipatu duzun gatazka geopolitikoak dira Tubos Reunidosen egoeraren kausetako bat. Zein da zure iritzia enpresaren etorkizunaz?
Tubos Reunidosek urte askotan izan du egoera delikatua, zorra handitzen eta handitzen. Horregatik COVIDaren osteko SEPIren 112 milioi euroko mailegua. Orain enpresak bi kolpe jasan ditu. Batetik, Trumpen muga zergena, fakturazioaren erdia galtzea ekarri diona, izugarrizko zaplaztekoa; eta, bestetik, energia garestiak jipoi handia eman dio, siderurgiaren sektore guztiari bezala.
Zorra enpresaren balioaren halako bost izatea oztopoa izan da inbertitzaile berriak ekartzeko, eta SEPIk esan zuen zorra ez zuela murriztuko, ez zuelako legezko tresnarik hori egiteko. Orain, konkurtsoarekin, hori aldatu da, orain badago modua, eta ikusiko dugu epaileak eta administratzaileek zer pauso ematen dituzten.
Bigarrenik, inbertitzaileek esaten zuten nonbaiten sartzekotan bake soziala zuen proiektu batean sartuko zirela. Eta grebarekin ez da baldintza hori betetzen. Ikusiko dugu bihar zer gertatzen den [elkarrizketa hau ostegunean egin zen, eta ostiralean bukatu zen greba Tubos Reunidosen].
«Guretzat izugarri garrantzitsua zen herri honetatik inoiz joan behar ez zuen zerbait hona itzultzea»
Badaude inbertitzaileak?
Azaldu dira, interesa badago, orain konkurtsoak laguntzen du, baina ez dago proposamenik. Orain etorkizuneko proiektu sendo bat behar dugu. Hori iritsi bitartean guztion artean lortu behar dugu jarduera mantentzea. Espero dugu tirabirak konponduko direla, lan kargari aurre egingo diola eta diru sarrera batzuk bermatzeko gai izango dela epe motz honetan langileen nominak ordaintzeko.
Guardianen eta Glavistaren inbertitzailea [VSF eta Gaviota] badatorrela ari zarete... Baduzue eperik?
Esan egin zen filtrazio bat egon zelako, gero baieztatu zena. Eta diskrezioa eskatzera atera ginen, oso akordio konplexua baita. Oinarri asko daude lotzeko, eta asko itxi dira, baina egoera oso judizializatuta dago, eta abokatuen armada daukagu hor, elkarri laguntzen.
Apustuez ari garela, Talgo Euskal Herrira ekarri duzue. Titular horrekin gustura egongo zara, ezta?
Bai, bueno. Epe motzera begira, arriskua zegoen hungariar batzuek Talgo erosteko eta Ribabellosako lantegia galtzeko. Luzera begira, gogoratzen gara ETArekin Talgoren erabakigunea Madrilera joan zela. Guretzat izugarri garrantzitsua zen herri honetatik inoiz joan behar ez zuen zerbait hona itzultzea. Eta gainera Talgok teknologia propioa du.
Erronkak ere baditu: lan karga, isunak...
Kontratu batzuk lortu ditu Europan, eta horrek bizipoza ematen dio enpresari, itxaropena. Baina hemen zehaztuko da zein den garapen teknologiko industriala, Talgok jarraitu dezan jokalari europar garrantzitsuenetako bat izaten. Oso proiektu polita da.

Apustua kuadrillarentzat. Ikur bihurtu zaizu, kuadrillarena.
Bai, bai, kuadrillarena eta entxufearena; saiatzen naiz gehiegi ez erabiltzen orain. Baina, begira, herri honetan txikiak gara, eta gauzak elkarrekin ez baditugu egiten, jai daukagu; kuadrillak beharrezkoak dira.
Ayesarekin eta Kutxarekin gertatutakoarekin konforme geratu zara?
Oso konforme. Informazioa partekatu genuen, eta haien estrategiari jarraituz ez sartzea erabaki zuten. Inbertsio batzuk egin ditugu elkarrekin; honetan ezezkoa eman zuten, eta errespetatu egin behar da.
Etxeratze gehiago espero daitezke?
Aukerak sortuko dira, ziur. Garrantzitsua da erabakiguneak Euskadin izatea; berrikuntzaren apustua hemen egitea dakar horrek, baita balio kateko hornitzaileak hemengoak izatea ere. Eta erabakiguneen inguruan lanpostu interesgarriak sortzen dira, gure seme-alabentzako nahi ditugunak. Hala ere, erabakiguneak ekartzea bezain garrantzitsua da etorkizuneko proiektua izatea. Ez da soilik etxeratzea laguntzea: proiektu industrial teknologiko horiei hazten lagundu behar zaie.
Industria babesteko.
Bai, defentsa ere bada; defentsa egin dugu Balenciagan eta Vicinayen, eta Aiaraldera ere irits daiteke. Baina gobernutik egin daitezkeen mugimendu horiek etorkizuneko proiektu bat duten bazkide industrial erakargarriekin egin behar dira betiere.
«[Hithiumi buruz] Dauzkazun karta guztiekin jokatu behar duzu partida, baina beste batzuek karta gehiago badituzte, zer egingo zaio»
Talgori buruz galdetu dizudan moduan, Jose Antonio Jainagari buruz ere galdetu nahi nizun; hitz egin duzu harekin Israelera egindako bidalketez?
Bai, hasieratik dugu harreman zuzena, gure bazkidea da Talgon, eta hasiera-hasieratik informatuta mantendu gaitu. Hor gakoa da kontrabandorik gertatu den; guk azterketa egin genuen, eta hasieratik ikusi genuen ez zela kontrabandorik egon. Epailearen jarrerak harritu gintuen, baina itxarotea erabaki genuen. Orain, fiskalak ere gauza bera pentsatzen du, ez zela kontrabandorik izan. Ea epailea ondorio horretara iristen den.
Hithium. Nola jakin zenuen Nafarroara zihoala?
Hithiumeko presidenteak gutuna bidali zidanean haien erabakia azalduz.
Haserretuko zinen.
Ez, haserretu ez; oso garbi azaltzen zituzten arrazoiak. Dauzkazun karta guztiekin jokatu behar duzu partida, baina beste batzuek karta gehiago badituzte, zer egingo zaio. Saiatu gara, eta, aizu, hobe Nafarroara joatea, beste aukera batzuk ere bazeuden-eta mahai gainean.
Hala ere, ez da pieza txinatarrak muntatzeko fabrika soil bat izango?
Elkar ulertzeko memoranduma sinatu genuen, eta hiru baldintza jaso genituen hasieratik: tokiko bazkide industrial bat egotea, transferentzia teknologikoa gure zentro teknologikoen bitartez, eta hornitzaileen gutxieneko bat Euskadikoa izatea.
Izan ere, bagenekien Espainian agertu ziren proiektu-lerroburu batzuk gero errealitatean zer ziren. Hori ekidin nahi izan genuen. Eta ia urtebete geroago baldintza horiek agertzen dira Stephane Sejournek [Europako Batzordeko Industria komisarioak] proposatutako Industrial Accelerator Act legean.

Argindarraren prezioa arazo handia da industriarentzat. Eta zera eskatu diozue Madrili, Irango gerraren harira egindako dekretuan jasotako neurri bat betikotzeko: sorkuntzari zergak murriztearena.
Irango gatazkaren harira industriaren defentsarako mahaira deitu genuenean, bazen kezka hori: zer gerta zitekeen argindarraren prezioekin. Energia kontsumo handiko industriak beldurtuta zeuden. Ikusi genuen hemen paradoxa bat gertatzen dela: Espainian argindar sorkuntzaren prezioa oso txikia da Europakoekin alderatuta, baina gero gure industria elektrointentsiboaren faktura handienetakoa da, %37 handiagoa Alemaniakoarekin alderatuta, %165 handiagoa Frantziakoa baino. Hori heriotza da, eta prezioak Europakoen antzekoak izatea lortu behar dugu.
Distortsio horiek sortu ziren bere garaian [Mariano] Rajoyk ez zeukalako dirurik eta zergak asmatu zituelako. Zerga horiek fakturatik kentzen hasi behar dira. Lehendakariak dekalogo bat aurkeztu zion [Pedro] Sanchezi, eta hark zati handi bat hartu zuen dekreturako, eta gu gustura geunden. Baina uztailean berrikusi behar dira, eta murrizketak finkoak izatea nahi dugu. Benetan esaten badute Espainia berrindustrializatu behar dutela, orduan hau konpondu egin behar da, eta luzera begiratu.
Argindar sarea lepo egotea ere arazo bihurtu da. Konexio ahalmena %40 handitzeko konpromisoa lortuta itzuli zinen Madrildik. Baina ikusita orain arteko atzerapen guztiak, badago kezkarako arrazoirik?
Hor bi gauza daude: bat txarra eta bestea ona. Batetik, estilo sobietarreko bost urteko planifikazio horiek daude, aurrekontuak onartu beharra, dirua jarri martxan, eta izugarrizko traba administratiboak. Arintasun falta nabarmena da, hemen eta Europan. Aldiz, Hithiumen lantegira bazoaz Txinara, esango dizute azpiestazio elektrikoa sei hilabetetan egin zutela.
Baina albiste ona da Europak aukera eman duela nolabaiteko erregulaziorako autobideak sortzeko. Alemaniarrek jarri dute martxan, Aragoik ere bai. Eta guk ere jarri behar dugu, ez kalitatea murrizteko, arintasuna izateko baizik. Bidezidorrak sortu bost urteko plan horietan. Irango krisiari buruzko dekretuak jasotzen du aukera hori.
«Industriaren alde elkarrekin borrokatzea da gure ongizatea bermatzeko bide bakarra»
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sortutako argindarraren %7,9 da iturri berriztagarrietakoa. Baina errezeloa dut Jaurlaritzak ez ote dituen murriztu bere buruari ezarritako helburuak.
Euskaldun eta europar bezala obligazioa daukagu autonomia energetikorako, eta, egia da, %7,9 hori oso txikia da. Hurrengo bost urteetan ehuneko hori bikoiztu egin nahi du gobernuak, eta %15era iritsi. Gutxi da Europarekin alderatuta, baina daukaguna bikoizteak izango du bere meritua.
Esan dugu zenbat nahi dugun, 450 megawatt, eta lehentasunezko kokapenak ere identifikatuko ditugu, eta, gobernu bezala, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez hasiko gara zentralak egiten. Gai izan gara zenbat eta non esateko, eta hori aurrerapausoa handia da, beste inork ez baitu esan zenbat, eta are gutxiago non.
Zer moduz harremanak sindikatuekin?
Onak, baina oso diskretuak. Maila publikoan ika-mika ikusten da sindikatuen eta patronalaren aldetik, gero gu tartean sartzen gaituzte... Ematen du bakoitza oso eroso bizi dela bere lubakian, eta urteak daramatzate dinamika horrekin. Uste dut badela garaia dinamika hori aldatzeko, garai historikoa desberdina da, eta hemen arerioa edo lehiakidea ez dago etxean, kanpoan dago, eta gure indarrak benetan ez baditugu batzen...
Indarrak batzea eta industriaren alde elkarrekin borrokatzea da gure ongizatea bermatzeko bide bakarra. Maila publikoan hori guztiz toxiko bihurtzen da. Eta, aldiz, diskrezioz eginez gero, badago gauzak lortzeko aukera.
Lankidetza publiko-pribatuari dagokionez, kezka egon daiteke jartzen den diru publikoaren harira, onura publikorik ba ote dakarren.
Diru publikoaren hasierako iturria nondik dator? Argi izan behar dugu industria dela iturri hori. Horretaz ez bagara konturatzen, jai daukagu; pintxo-potera joaten gara, eta primeran: herri gisa, zulora.
Eta ez naiz industria publiko batez ari, ez; Lakuan ez du inork industria sortzen. Guk eraldatzaileei, enpresei laguntzen diegu, inbertsioetan; berrikuntzarako laguntzak eskatuko dizkigute, lanpostuak sortuko dituzte. Eta industriako lanpostuak nahi dituzte gure seme-alabek, ez pintxo-potekoak.