Industria

Industriaren ekoizpena %1,3 hazi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Energiaren ekarpena (+%14.5) gai izan da manufakturen urte kaskarragoa (+%0,1) konpentsatzeko.

Langileak Basauriko Sidenor altzairutegian, 2019ko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 5a
12:33
Entzun

2019. urtea zenbaki positiboekin amaitu zuen hiru lurraldeetako industriak, baina hazkundea (%1,3) azken urteetako txikiena izan da —%5,7 hazi zen 2017an, eta %2,2 2018an—. Izan da hazkundea, eta horren ziurtasunik ez da izan urteko hilabete batzuetan: Eustaten arabera, hazkunde erritmoa %0,1era moteldu zen martxoan eta apirilean, brexit-ari buruzko ziurgabetasunak merkataritza gerra gero eta gogorrago bat batu zitzaionean. Baina, orduz gero, gorabeherekin bada ere, industriak erritmoa biziagotu du: %1,3ko hazkundearekin amaitu du abendua.

Edonola ere, alde handiak daude lurralde batetik bestera. Araban %1,9 txikitu da produkzioa, baina hari eragin zion gehien urte erdiko pattalaldiak —%4,9 txikitzen ari zen apirilean—. Bilakaera egonkorragoa izan du Gipuzkoak (+%0,5), eta nabarmen hobea Bizkaiak (+%4,2).

Bizkaiaren urte ona azaltzeko, industriaren sektoreari erreparatzea besterik ez dago. Iaz gehien hazi zen adarra energia elektrikoarena eta gasarena dira, %14,5 handi zuelako produkzioa, eta horrek batez ere Bizkaian du indarra.

Industria hutsak, manufakturak, %0,1eko hazkundea baizik ez du izan urtearen amaieran, baina haren barruko adarren arteko aldeak oso handiak dira. Petronorren geldialdiek %15,3 txikitu dute koke eta petrolio fintzea, eta %3,8 txikitu da produktu informatikoen eta elektronikoen produkzioa ere. Elikagaien eta edarien ekoizpena %0,4 murriztu da, eta produktu kimikoak, berriz, %3,1. Baina hazkunde sendoa izan du material elektrikoen fabrikazioak (+%5,3), altzarienak (+%3,7), zurgintzak eta paperak (+%2,8), eta, batez ere, botikek (+%27,1). Euskal industriaren bi indargune nagusietakoek hazkunde apala izan dute: %0,3 handitu da garraio materialen fabrikazioa, eta %0,1 metalurgia eta produktu metalikoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.