Gutxika bada ere, jarduera ekonomikoa suspertzen ari da Hego Euskal Herriko ekonomia. INEk gaur emandako datuen arabera, bi sektore nagusiek, zerbitzuek eta industriak, %20 eta %30 artean handitu dute beren negozio zifra ekainetik uztailera. Horrek ekarri du urte arteko tasan %30etik gorako beherakada zena (ekainean) orain %10-12 artean egotea.
Industriari dagokionez, suspertzea nabariagoa da Nafarroan (+%31,6) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino (+%27,5). Maiatzetik ekainera %45 inguru hazi zen erkidego batean zein bestean.
Horrenbestez, industriak itxialdiarekin izandako uzkurtzea arintzen ari da. Apirilean jo zuen goia, produkzioa erdira jaitsi zenean. Ekainean, %37an kokatu zen, eta uztailean beherakada nabarmen apalagoa izan da: -%9,2 Nafarroan, eta -%13,4 beste hiru lurraldeetan.
Pentsa daiteke abuztuan hobera egingo dutela zenbakiek, enpresa oso inportante batzuek —Volkswagen eta Michelin, esaterako— langile guztiak aldi baterako erregulaziotik atera dituztelako eta ekoizpena handitzen ari direlako.
Zerbitzu batzuk, herren
Bilakaera agian ez da hain argia izango zerbitzuetan, merkataritza, ostalaritza eta garraioak herren baitabiltza, eta COVID-19aren kasu positiboen gorakadak kontsumoa murriztuko baitu berriro. Edonola ere, uztailean izan da suspertze bat: %19 handitu da zerbitzuen negozio kopurua Nafarroan, eta %24,1 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Betiere INEren arabera, iaz baino %9,4 gutxiago ari dira saltzen Nafarroan, eta %11,4 gutxiago Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan.