Inflazio tasak sei hamarren egin du behera maiatzean Hego Euskal Herrian eta kontsumo prezioen indizea %1,1ean gelditu da. Apiriletik maiatzera prezioak %0,2 garestitu dira, %0,8 urte hasieratik. Herrialdeka Gipuzkoa eta Nafarroa dira inflazio handiena dutenak, %1,3ko tasarekin, eta %0,9koa dute Arabak eta Bizkaiak.
Kontsumo gaien garestitze motelago horren eragile nagusiak argindarraren eta erregaien prezioak izan dira. Batetik argindarra iazko maiatzean baino merkeago erosi dute kontsumitzaileek eta horrek etxebizitza alorreko inflazio geldotu du, eta alor horrek indizean duen pisuaren ondorioz, eragin handia izan du datu orokorrean.
Merkatu ez, baina erregaiak iazko maiatzean baino gutxiago garestitu dira aurten eta horrek garraio sektoreko prezioen igoera erritmoa apaldu du. Aisialdiko eta kulturako prezioek ere, nahiz eta pisu txikiagoa izan indizean, jaitsiarazi dute inflazioa Hego Euskal herrian, iaz baino merkeagoak izan direlako, batez ere turismoarekin lotutako salneurriak.