Inflazioa %4ra igo da ekainean Eurogunean, maiatzean baino %0,3 gehiago

Garraioan, etxebizitzan eta elikagaietan igo dira gehien prezioak, Eurostatek emandako datuen arabera

Erredakzioa
2008ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Inflazioak gorako bideari jarraitu dio ekainean ere. Eurostatek -Europako Estatistika Bulegoak- atzo emandako datuen arabera, %4ra arte egin du gora inflazioak Eurogunean ekainean, eta maiatzetik hiru hamarren egin du gora. Ekainean %0,4 egin dute gora prezioek, bai Eurogunean eta baita Europako Batasunean ere (EB). Urtebetean igo egin da inflazioa Eurogunean: lehen %1,9koa zen, eta orain %4,0koa da. Europako Batasuneko 27 estatuak kontuan hartuta, berriz, lehen %2,1ekoa zen, eta orain %4,3koa da. Datu hori asko urruntzen da Europako Batasunaren asmoetatik; izan ere, inflazioa %2an mantentzeko nahia azaldu du orain artean.

Prezioak garraioan (%7,1), elikagaietan (6,4) eta etxebizitzan (%6,1) igo dira gehien urtebetean, Eurostaten arabera. Ekainean bakarrik garraioa (%1,4) eta etxebizitza, hotelak eta jatetxeak (%0,6 bakoitza) garestitu dira gehien.

Hego Euskal Herrian, berriz, prezioen garestitzea ia %5era ailegatu da urtebetean, azken hamahiru urteetako mailarik handienera. INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, iazko ekainetik aurtengora prezioak %4,9 igo dira. Maiatzetik ekainera, %0,6. Eta urtarriletik, %2,5. Urte erdian jada prezioak Espainiako Gobernuak urte osorako aurreikusitako %2a baino gehiago garestitu dira. Araban prezioen igoerak %5eko muga gainditu du (%5,3), eta Gipuzkoan prezioak %5 igo dira urtebetean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.