Urteroko historia errepikatu da beste behin Kontsumo Prezioen Indizearekin (KPI). Urtarrilean Espainiako Gobernuak %2ko helburua jarri zuen, baina inflazioak berriro ia bikoiztu egin du aurreikuspen oker hori. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, inflazioak abenduan %3,7an amaitu du urtea Hego Euskal Herrian. Azaroko datuekin alderatuta, abenduan %0,1 igo ziren prezioak.
Arabak utzi zuen daturik txarrena, %4,3ko inflazioarekin bukatu baitzuen iaz. Gipuzkoan prezioak %3,5 igo ziren, eta Bizkaian eta Nafarroan %3,7. Garraioa eta etxebizitza izan dira gehien garestitu diren sektoreak: prezioak %6 eta %6,5 igo dira, hurrenez hurren. Alokairua, adibidez, %4,7 garestitu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Garraioaren kasuan erregaien garestitzeak eragin zuzena izan du, abendura arte gasolina %16 eta gasolioa %13 garestitu baitziren. INEren arabera, argindarra, gasa eta beste erregai batzuk %9,6 garestitu dira Nafarroan eta %6,9 EAEn.Komunikazio alorrean etorri da salbuespena, prezioak %1,7 merkatu baitziren batez beste. Informatika, argazkigintza eta ikus-entzunezko ekipamenduak, adibidez, %9,7 merkatu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Azpiko inflazioa %2,9an
Energiaren eta elikagai freskoen salneurriak kenduta lortzen den azpiko inflazioa %2,9ra iritsi zen abenduan Espainian. LABen arabera, abuztuaz geroztik gorantz egin du, eta litekeena da aurten ere joera horri eustea.
Euroaren eremuan azaroan %2,3an zegoen KPI harmonizatua, eta honenbestez Hegoaldean nabarmen gainditu da tasa hori. Horregatik, ELAk uste du erregaien garestitzeak ez duela soilik azaltzen prezioen igoera nabarmena. Sindikatuaren iritziz, «enpresen mozkinen igoera handia izan da salneurrien igoeraren lehen eragilea». Enpresen emaitzei buruz Espainiako Bankuak eta CNMV burtsako kontrol batzordeak emandako datuetan oinarritu da hori esateko.Aurten ere inflazioak Espainiako Gobernuaren helburuak ia bikoiztu dituen arren, CEOE patronalak eta CCOO eta UGTk aurten 5.000 sektore hitzarmenetan soldatak %2 igotzea gomendatu dute. Ostegunean Espainiako Negoziazio Kolektiboaren Konfederazio arteko Ituna berritu zuten bi sindikatuok eta CEOEk. LABen arabera, CCOOk eta UGTk «langileen bizkar» hitzartu dute ituna, eta pauso horrekin «negoziazio kolektiboaren heriotza akta egin dute». ELAren ustez, ez da bidezkoa inflazioa galgatzeko soldatak neurrian igotzea eskatzea: «Are gehiago, soldatak gehiago igo behar dira lan errentek aberastasunaren parte hartzeari eutsi diezaioten. Horretarako tartea badago».
Inflazioak %3,7an amaitu zuen urtea Hego Euskal Herrian
Soldatak %2 igotzea aholkatzen duen ituna salatu dute ELAk eta LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu