Prezioak igo diren beste sektoreetako bat ostalaritza izan da. Jatetxeetako, tabernetako eta kafetegietako zerbitzuak %0,5 garestitu ziren batez beste Hego Euskal Herrian. Aldiz, udako goi denboraldia amaitu dela-eta, hotelek eta pentsioek %16 inguru jaitsi zituzten prezioak aurreko hilabetean.LAB sindikatua kezkatuta agertu zen, urte amaitu bitarteko hilabeteak «inflazionistak» izan ohi direlako. Egoera horren aurrean, «ez litzateke harritzekoa izango KPI %4ra hurbiltzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin».Sindikatuaren iritziz, beharrezkoa da soldatak inflazioaren gainetik igotzea. ELAren ustez, prezioen igoeraren arrazoi nagusietako bat enpresaburuen irabazien hazkunde handia da, «Espainiako Bankuko eta CNMV balio merkatuko batzordearen datuak aztertuta agerian geratzen den bezala». Horren aurrean, inflaziori aurre egiteko errezeta ezin da izan soldatak neurrian igotzea. ELAren arabera, orain arte igo direna baino gehiago igo behar lukete soldatEk.Kontsumitzaileek beste albiste txar bat jaso zuten atzo. Hegoaldeko eta Espainiako argindar sarea kudeatzen duen REE enpresak iragarri zuentarifa elektrikoak garestitu egingo direla datorren urtean. Igoera horren atzean ere erregaiak egongo direla azaldu zuen Luis Atienza REEko presidenteak: «Prezioek ezin diote muzin egin erregaien salneurriei». Ez zuen zehaztu zenbat igoko diren tarifak.
Vegara: «Igoeraren erdia erregaiek eragin dute»
Beste hainbat herrialdeetako inflazioen datuek bat egin zuten atzo, eta guztietan ere, erregaien garestitzeak inflazioa hauspotu du. Espainian, kasu, %0,6 igo zen KPI irailean, eta urtearteko tasa %3,7ra jauzi egin zuen. David Vegara Ekonomiako Estatu idazkariaren arabera, «igoeraren erdia baino pixka bat gehiago» erregaiek eragin dute.
Frantzian, kontsumo prezioak %0,4 egin zuten gora abuztuko datuekin alderatuz gero. Urtearteko datua, berriz, %2,2ra igo zen. Frantzian petrolioaren igoerak Estatuko ogasunari eragingo dizkion onura edo kalteak neurtu ditu batzorde independente batek azken asteetan. Herenegun jakin zen azterketaren emaitza, eta kontsumoaren beherakadaren ondorioz, 73 milioi euroko galera fiskala eragingo dio ogasunari. Atlantikoaren bestaldera, Estatu Batuetan, prezioek %1,2 egin zuten gora irailean. Azken 25 urteetan izan den gorakadarik handiena izan da, eta energiaren prezioen ondorio izan da, %12 igo baitira.
Interes tasen igoera, gero eta gertuago
Petrolioaren garestitzeak beste sektoreetan prezioen gorakada eragitea saihestu behar dela azpimarratu du EBZk
Erredakzioa - DONOSTIA
Inflazioaren igoera ez da albiste ona maileguren bat dutenentzat. 2003ko ekainaren 6tik, Euroguneko interes tasa orokorrak %2an mantendu ditu Europako Banku Zentralak, baina azkenaldian EBZ igortzen ari den mezuen arabera, diruaren prezioa garestitzeko aukerak handitzen ari dira.
Aspaldiko legez, ostegunean interes tasak %2an mantendu zituen EBZk, baina gaineratu zuen inflazioaren bilakaera oso-oso gertutik zaintzekojarrera hartuko duela. Izan ere, erregaien ondorioz prezioak Eurogune osoan garestitzen ari dira. Irailean, euroa diru ofizial duten herrialdeetako batez besteko KPI %2,5era jauzi egin zuen, EBZk jarritako helburua baino %0,5 gorago»
Petrolioaren garestitzeak beste sektoreetan ere prezioen igoera eragiterik ez du nahiinolaz ere EBZk: «Funtsezkoa da inflazio tasaren igoerak ez dezala berekin azpiko inflazioaren igoera eragin», argudiatu zuen EBZk urriko txosten ekonomikoan. KPIn berehalako eragina duten energiaren eta elikagaien prezioen datuak kenduta lortzen da azpiko inflazioa.Arriskuak handitzen ari dira, gainera, ez dirudielako «etorkizun hurbilean» petrolioaren prezioak merkatuko direla. Hots, petrolioak azpiko inflazioan eragiten badu, banku zentralak egoera hori kontrolatzeko duen armarik eraginkorrena interes tasen igoera litzateke.