Ingeteamek 250 lanpostu berri sortu nahi ditu Euskal Herrian 2024rako

Osagai elektrikoak ekoizten dituen enpresak %44 handitu nahi du bere negozio bolumena hurrengo hiru urteetan. Iaz 675 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta 13,5 milioi euroko irabazi garbia

Ingeteamek Ortuellan duen plantako langile bat argindar bihurgailu batean lanean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Industria garai gogorrean da. Energiaren garestitzeak eta osagaien krisiak laino beltzak zabaldu ditu epe motz eta ertainean. Egoera horretan, baina, argi izpiak ere agertzen dira, eta horietako bat dira Ingeteamen iragarpen onak. Argindarra bihurtzeko osagaiak ekoizten dituen euskal enpresak espero du hurrengo hiru urteetan mila langile berri kontratatzea, horietatik 250 Euskal Herrian. Tarte horretan, %44 handitu nahi du fakturazioa, mila milioi euroraino. «Hiru urteko hau inflexio puntu bat izango da, argindar jasangarriarena, eta eragile garrantzitsua izan nahi dugu», iragarri du Adolfo Rebollo Ingeteameko kontseilari ordezkariak.

Ingeteamek hurrengo hiru urteetarako bere negozio plana aurkeztu du. Gaur egun, 800 milioi euroko eskari poltsa du, «sektore eta eremu geografiko anitzetan» —ekoizpenaren %80 esportatzen du—, eta horregatik dago hain baikor. Egun 4.100 langile ditu hainbat plantatan, eta espero du 2024an 5.100 izatea. Horietatik 1.601 daude Euskal Herrian, eta 2024rako 1.850 izango direlakoan dago Rebollo. Hori lortzeko, inbertsiorako bide orri bat diseinatu du, eta arreta berezia jarri du energia berriztagarrietan. Enpresaren arabera, berriztagarrien merkatua «oso bizkor haziko da», eta hor ikusi dute mila milioi euroko fakturaziora iristeko negozio habia. Ekoizpenaren %70 norabide horretan joango dela sinetsita daude.

Ingeteamek egun bost planta eta laborategi ditu Euskal Herrian: Ortuellan (Bizkaia), Zamudion (Bizkaia), Beasainen —Indar Electric— (Gipuzkoa), Sesman (Nafarroa) eta Sarrigurenen (Nafarroa). Hurrengo urteetan berritu egingo ditu, eta Sesmakoa handitu. Era berean, planta berri bat eraikiko du Nafarroan. Taldeak 210 milioi euroko inbertsioa egingo du: 140 milioi berrikuntzarako eta 70 milioi azpiegituretarako.Horiez gain, beste 23 herrialdetan ditu lantegiak, eta apustu handia egingo du Milwaukeen (AEB) duena berritzeko.

Emaitza xumea

Hurrengo hiru urteetako plan estrategikoa da hori, eta aurrekoan (2019-2021) negozio helburuaren %97 lortu du. «Errentagarritasun iraunkorra izan dugu, baina helburuaren azpitik. Pandemiak, energiaren eta lehengaien kostuak, hornidura eta logistika arazoak... zama handia izan dira», azaldu du Rebollok. Horiek hala, iaz 675 milioi euroko fakturazioa izan zuen —helburua 730 milioietara iristea zen—, eta 13,5 milioi euroren irabazi garbiak.

Hirurtekoaren zenbakiak kontuan hartuta, %6ko hazkundea izan du 2018arekiko. «Emaitza xumea», kontseilariaren ustetan. Hala ere, enpresaren arabera, bete dituzte lantaldearen inguruko helburuak. Alde horretatik, Ortuellako plantaren irekiera nabarmendu du Ingeteamek. Egun 100 langilek dihardute han, eta garraio zein siderurgia sektoreetan erabiltzen diren transformadoreak egiten dituzte.

Emaitza apala, baina egoera ona, horrela laburbildu daiteke Ingeteamen erradiografia. Enpresa «zorrik gabe» dago, eta zenbakiak onak dira; beraz, ez du merkatuetara joko finantzaketa bila. Alegia, ez du burtsara irteteko asmorik, eta sorrera-bazkideek ez dute beren parte hartzea murrizteko asmorik. Kutxabanken inguruan galdetuta, Rebollok ez du aurreikusten berriro ere bere parte hartzea murrizteko haren asmo bat duen. 2018an zati bat saldu zuen, eta akzioen %24tik %15,9ra igaro zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.