Industria

Ingeteamek mila langile kontratatu nahi ditu hiru urteko epean

Osagai elektrikoak ekoizten dituen enpresa horrek %44 handitu nahi du bere fakturazioa 2024rako. Azken hirurtekoan negozio helburuaren %97 lortu du.

Ingeteameko langileetako bat, argindar bihurgailuetako bat muntatzen. LUIS JAUREGIALTZO
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 10a
13:38
Entzun

Industria garai gogorrean dago. Energiaren garestitzeak eta osagaien krisiak laino beltzak zabaldu ditu epe motz eta ertainean. Testuinguru horren erdian, baina, argi izpiak ere agertzen dira, eta horietako bat dira Ingeteamen iragarpen baikorrak. Argindarra bihurtzeko osagaiak ekoizten dituen euskal enpresa horrek hurrengo hiru urteetan mila langilekontratatzea espero du, eta tarte horretan %44 handitzea fakturazioa.

Ingeteamek hurrengo hiru urteetarako bere negozio plana aurkeztu du. Gaur egun, 800 milioi euroko eskari poltsa du, «sektore eta eremu geografiko anitzetan» —ekoizpenaren %80 esportatzen du—, eta hor oinarritzen da haren baikortasuna. Egun 4.100 langile ditu zenbait plantatan banatuta, eta 2024an 5.100 izatea espero du. Hori lortzeko inbertsio bide-orri bat diseinatu du, eta arreta berezia jarri du energia berriztagarrietan. Enpresaren arabera, berriztagarrien merkatua «oso bizkor haziko da» hurrengo urteetan, eta hor ikusi dute negozio habia.

Ingeteamek, gaur egun, bost planta eta laborategi ditu Euskal Herrian: Ortuellan (Bizkaia), Zamudion (Bizkaia), Beasainen —Indar Electric— (Gipuzkoa), Sesman (Nafarroa) eta Sarrigurenen (Nafarroa). Hurrengo urteetan berritu egingo ditu, Sesmakoa handitu eta planta bat eraiki Nafarroan. Taldeak 210 milioi euroko inbertsioa egingo du: 140 milioi berrikuntzarako,eta 70 milioi azpiegituretarako. Horiez gain, beste 23 herrialdetan ditu lantegiak.

Hurrengo hiru urteetako plan estrategikoa da hori, eta aurrekoan (2019-2021) negozio bolumenaren %97 lortu du. «Errentagarritasun iraunkorra izan dugu, baina helburuaren azpitik. Pandemiak, energiaren eta lehengaien kostuak, hornidura eta logistika arazoak... zama handia izan dira». Hala ere, enpresaren arabera, bete egin dituzte lantaldearen inguruko helburuak. Alde horretatik, Ortuellako plantaren irekiera nabarmendu du Ingeteamek. Gaur egun, ehun langilek dihardute, eta garraio eta siderurgia sektoreetan erabiltzen diren transformadoreak egiten dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.